Atzo gure taldeak 20-21 denboraldiko azken partida jokatu zuen Belabietan, Ligako egungo txapelduna den Tafatrans Vulcanizados Ruizen bisita jasoz. Jotak zuzendutakoek irabazi eta zikloa hirugarren sailkatu bezala itxi nahi zuten. Nahi eta ahal, hala izan zen. Izan ere, gogoa izatea eta ilusioa mantentzea da kontua eta talde moreak ezin izan zuen hori hobeto erakutsi.

Partida Zumeta, Antxon, Andoni, Raid eta Peñarekin hasi zen. Zumeta jokaldia amaitzen saiatu zen lehen minutuan, baina ez zuen lortu. Handik gutxira, Raid kontra erasoan atera zen, arratsaldeko lehena igotzeko aukera edukiz, baina 1×2 batean gelditu zuten. Markagailua estreinatzeko aukera ere izan zuen Juaristik kanpoko jaurtiketa batekin edo Antxonek Raiden zerbitzura bigarren zutoinean. Era berean, Tafallak ere oso aukera arriskutsuak sortu zituen, baina azken bultzada falta zitzaien azken metroetan. Peñaren zenbait geldiketa ere funtsezkoak izan ziren nafarrek jokaldiak burutzea saihesteko.

Horrela, lehen zatiko erdialdera iritsita, markagailuak 0-0 jarraitzen zuen. Bitartean, aukerak biderkatu egiten ziren. Besteak beste, Bolik arearen bihotzean lapurtzen zuen esferikoa eta Zumetak albotik gainditzen zuen defentsa Antxon bigarren zutoinean bilatuz. Gutxi falta zen, oso gutxi, eta, orduan, atsedenaldirako 3:36ren faltan, Juaristik 1 eta 0-ekoa ipini zuen. Tolosarrak aurretik jarri zituen etxekoak ezkerreko hankarekin eginiko kanpoko jaurtiketa indartsu batekin. Zalantzarik gabe, golak motibazio gehigarria eman zien jokalarietako bakoitzari. Ondoren, Tafallak, etxeko lanak ondo egiten jarraitzen zuelarik, berdinketa lortzeko zorian egon zen behin baino gehiagotan. Hala ere, markagailuak ez zuen mugitu nahi izan eta 1-0ekoarekin iritsi ginen atsedenaldira.

Bigarren zatia Juaristi, Andoni, Zumeta, Raid eta Jorgerekin hasi zen. Urduritasunaren eta hasierako tentsioaren eraginez, Leandrok zuzendutakoek 2 minutu besterik ez zituzten behar izan neurketa berdintzeko, Jorgek urrundu ezin izan zuen kanpo jaurtiketa baten bitartez (1-1).

Berdinketak min egiten zuen, baina oraindik joko asko gelditzen zen aurretik eta talde moreak gauzak ondo egiten jarraitzen zuen. Jokoa ordenatua izaten ari zen eta gehiago nahi genuen horrelako aurkari baten aurrean. Horrela, eta minutu eta erdi geroago, Zumetak baloia lapurtu eta, defentsa gainditu zuela aprobetxatuz, baloia sare barrura bidaltzea lortu zuen (2-1). Hortik aurrera, ezinezkoa da Boli gure jokalari gazteak sortzen zituen aukera ezin hobeak ez nabarmentzea. Lehenik, Antxonengandik jasotzen zuen area barruan, gero berak lapurtzen zuen eta nagusitasunez erasotzen saiatzen zen eta, handik gutxira, jaurtiketa bat zutoinera eta beste bat gora joaten zen. Ekintza ikaragarriak, han zeudenak eskuak burura eraman eta altxarazten zituztenak. Ziur partida pantailatik jarraitzen ari zen bat baino gehiago ere hala ipini zela.

Aurrerago, 10 minutu baino apur bat gutxiagoren faltan, nafarrek bosgarren falta igo zuten, Raid erasorako trantsizio on bat eraikitzen saiatzean. Bi taldeak gose ziren eta nabaritu egiten zen. Dena den, markagailuak mugitu gabe jarraitzen zuela kontuan hartuta, Leandrok azken armak atera eta atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuen amaierarako 4 minuturen faltan. Gureek oso ondo erantzun zuten eta, 5eko jokoan aurretik hainbesteko landutako defentsa eta jarraikitasunari esker, azken txistua entzuten genuen.

2-1 liderraren aurka Belabietan. Play Off-ari dagokionez eztia ezpainetan dugula geratu garen arren, ezin izan dugu denboraldia hobeto itxi eta agurtu. Horrek denak gai garela ikasteko balio digu. Gainera, San Juanek Zierbenan galduta, hirugarren izendatu ginen ofizialki. Nola ez, zorionak eta eskerrak eman, alde batetik, Iker eta Ekaini, atzo taldeari emandako laguntzeagatik eta, bestetik, Beñati, debutatzeko aukera izan baitzuen.

Partidaren amaieran, Jotak honakoa adierazi zuen: “oartida garrantzitsua izan da suposatzen duen guztiagatik. Bagenekien zaila zela, baina oso partida osoa egin dugu eta etxean lortutako garaipen guztiak azpimarratu behar direla uste dut”. Era berean, eskerrak eman nahi izan zizkien jokalari guztiei, lehen urtean nola hartu duten ikusita. Etorkizunari begira, “eraikitzen hastea” tokatzen dela esan zuen.

Beraz, orain une on guztiak gorde eta, gure entrenatzaileak dioen bezala, etorkizunari begiratzea besterik ez da geratzen. Agur esaten diogu elkarri, talde honek egin duena OSO HANDIA dela esateaz nekatu gabe. Une bakoitzean gurekin egon zareten zale guztiei eskerrak emateaz ere ez gara nekatzen. Eskerrik asko, bihotzez. Gauza politak datoz, denontzat.

GOAZEN LAUBURU!!!!