Lauburu Ibarra Mahala taldeak 5-1 irabazi zion Galdar FS Kanarietako taldeari Belabietan eta datorren asteburuan Torrejon de Ardozen (Madril) jokatuko den Espainiako txapelketaren azken faserako sailkatu da

Moreek oso partida serioa jokatu zuten porrota oso garesti saldu zuen talde baten aurka eta oso lehiakor aritu zen 40 minutuetan. Lan on horri esker, sailkapen historikoa lortu du talde ibartarrak.

Etxeko taldeak partidaren pisua eramanez hasi zuen partida. Beren aldetik, bisitariek, pista erdiko defentsa planteamenduarekin, galera lokalak eragin nahi zituzten etengabe. Erasoari dagokionez, joko bertikal eta gutxi landua bilatzen saiatzen ziren 3-1 sisteman, beren atea arriskuan ez jartzeko eta, aldi berean, abantaila posizionalak eta espazialak emango zizkieten bigarren ekintzak bilatzeko. Hala, partidaren norabidea oso zehaztuta zegoen hainbat aldeetan eta partida oso bizia izaten ari zen. Bi taldeek dena ematen zuten ekintza bakoitzean.

Partidako 12. minutuan gipuzkoarrak aurretik jarri ziren talde osoak buruturiko eraso batean. Beñat Irazustabarrena izan zen 1-0ekoa markagailuan jartzeaz arduratu zena. Bisitariek ondo erreakzionatu zuten eta, soilik minutu bat geroago, neurketa berdindu zuten (1-1). Horren aurrean, ibartarrak, presioan nekaezin, hortzak estutzen hasi eta, atsedenaldirako 3 minuturen faltan 2-1ekoa jarri zuten Jokin Agirretxeren eskutik. Erasoko jokaldi posizionala bikaina izan zen eta horrela iritsi ginen atsedenaldira.

Bigarren zatiari dagokionez, kanariarrak indar askorekin kantxaratu ziren. Moreek metroak murriztu eta trantsizio egoera onuragarriak egiten saiatu ziren. Partida berdindua izaten ari zen eta gola edonondik etor zitekeen. Hala ere, 11 minuturen faltan, geldikako jokaldi batean, Jokin Agirretxek 3-1ekoa ipini zuen. Are gehiago, bi minutu geroago, Iker Sanchezek etxekoen 4.na sartu zuen 4×2-ko egoera batean. Geroago, amaierarako 27 segundoren faltan, Unax Iglesiasek behin betiko 5-1ekoa jarri zuen beste eraso on batekin. Hortaz, azken txistua entzunda, Arevalok zuzendutako mutilak Espainiako txapelketaren azken fasera sailkatu dira.

Partidaren amaieran, honakoa adierazi zuen Aitorrek: “partidaren pisua eraman dugu, merezitako garaipena lortuz. Aurkariak baino gehiago proposatu dugu, horrek garaipena bermatzen ez badizu ere. Mutil hauek ausartak izan dira, sinetsi egin dute eta lan asko egin dugu denboraldi osoan, batez ere, azken aste honetan. Horri esker, merezitako saria jaso dugu. Datorren ostiralean Valladolid Tierno Galvan izango dugu aurkari Torrejon de Ardozen eta irabaztera, aurkariari baloia kentzera eta erasoan joko ikusgarria eskaintzera joango gara”.

GOAZEN LAUBURU!!!!