Atzo mailako liderraren aurka jokatu genuen Ligako hamaikagarren jardunaldiko partida berreskuratzeko. Etxean batuta itxi nahi genuen lehen itzulia, Play Offetik 3 puntura jarriz. Eszenatokia ez zen mesedegarriena, bagenekien, baina borrokatu beharra zegoen.
Jorge, Oscar, Christian, Eric eta Bolirekin hasi genuen lehen zatia. Gogor hasi ziren bisitariak, gure eremura gerturatuz eta atezainarekin batera erasoko ekintza arriskutsuak sortuz. Horrela, 2. minutuan, ezker hegaletik egindako jaurtiketa egoki batek haien aldeko markagailua estreinatu zuen (0-1). Horren ostean, nafarrek indartsu jarraitu zuten eta nagusi izan ziren. Alvarok eta Ericek bi aukera polit izan zituzten, baina asmatu ez izanak eta aurkariaren intentsitate maila altuak, bigarren gola ekarri zuten azken honen alde, berriro ere kanpoko jaurtiketa batekin, lehen zatiko erdialdera iristeko 2 minutu eskas falta zirenean (0-2). Minutu bat geroago, ez zuten zalantzarik izan falta batetik jaso eta berriz ere baloia barrura sartzeko (0-3). Ez genuen minutu bat baino gehiago itxaron behar izan zurien laugarrenerako: korner baten ondoren kanpoko jaurtiketa bat egin, eta barrura (0-4). Segundo batzuk geroago, Jorge ez zen iristen ekintza azkar batera eta 0 eta 5ekoa ipini zen markagailuan.
Minutu luzez aurretik egon arren, 5eko jokoaren alde egin genuen atsedenaldirako elektronikoan hurbiltzen saiatzeko. Hala ere, gehiagorako gogoz zeuden Leandrok zuzendutakoak eta, punterian asmatuz, ate hutsera egindako jaurtiketa batekin ematen zituzten amaitutzat lehen 20 minutuak (0-6).
Aldageletatik itzuli ondoren, Christian, Chuky, Eric, Alvaro eta Jorgerekin hasi ginen. Lehen momentutik, 5eko jokoari eusteko apustua egin zen eta, horrekin, 2. minutuan iritsi zen gure lehen gola Chukyren eskutik, presio-irteeran egindako lapurreta baten ondoren (1-6). Ekainek ere izan zuen aukera bikaina, baina amaieran asmatzea falta izan zitzaion.
5.minutua iritsita, beste gol bat burutu zuen Tafak, buruz Jorge gaindituz (1-7). Emaitzak alde handia erakusten zuen arren, saiatzen jarraitu beharra zegoen. Orduan, Chukyk area barrutik Boliren zerbitzura sartutako golak 2 eta 7koa ipini zuen amaierarako 12:12 falta zela. 3 minutu geroago, kolonbiarrak berriro sartu zuen gola (3-7).
Amaierarako 8:30 minutu luzera, Tafak atezain jokalariaren aldeko apustua egitea erabaki zuen. Horretan murgilduta, bere aldeko beste falta arriskutsu batek zuzeneko jaurtiketa batetik ekarri zuen 3-8koa. Segundo batzuk geroago, gure bosgarren falta igo genuen, eta Nafarroakoak ate hutsaz baliatu ziren are gehiago urruntzeko (3-9).
Hala ere, ondo eutsi genion eta azken txistua entzuteko 5:43ra, Chukyk, bigarren zutoinean jasoz, beste behin lortzen zuen baloia barrura sartzea (4-9). Kontrako penalti bikoitz batek hamargarrena ekarri ahal izan zien bisitariei, baina Chuky arduratu zen arratsaldeko azkena burutzeaz, hutsik zegoen atera jaurtiz eta behin betiko 5-9koa jarriz.
Barkatu ez zuen aurkari indartsu baten aurka iritsi zen atzoko porrota. Tafallakoek ondo jakin zuten jokoa kudeatzen eta nagusi izan ziren. Bigarren zatian egoera zertxobait hobetu bagenuen ere, oso hasieratik markagailuan hainbeste aldentzeak min handiegia eman zuen. Atzokoa, zalantzarik gabe, ez zen gure eguna izan. Ez genuen gure taldea inondik inora ikusi. Gainera, horri guztiari bisitariaren potentziala gehitzen badiozu, gauzak are gehiago konplikatzen dira. Ia bakarkako lider gisa iritsi dira hona eta Pinsequek bakarrik estutzen dio nolabait esateko lehen postu hori.
Lehen itzulia amaitu egin da eta mentalki ere amaitutzat eman behar da. Orain, bigarrenari anbizioz begiratzea da aukera bakarra, lana eginez bakarrik baitatoz emaitzak.
GOAZEN LAUBURU!!!!