Aste Santuko etenaldiaren ondoren, gure taldea bihar itzuliko da etxera 18:30ean, eta Acontebro Tauste FS taldearen bisita jasoko du Ligako 28. jardunaldiko partidan. Hiru norgehiagoka besterik ez dira geratzen 21-22 denboraldia amaitutzat emateko, eta, aurrean ditugun zailtasunez jabetuta, inoiz baino elkartuago egon behar dugu, ideiak argi edukita, eta aparteko ahalegina egiteko prest.
Aurkariari dagokionez, sailkapeneko azken postuan kokatu da, guztira 15 puntu pilatuta. Orain arte jokatutako 27 norgehiagoketatik, 3 irabazi ditu, 6 berdindu eta 18 galdu. Zentzu horretan, bihar irabazi arren (baita gainerako bi partidetan ere) ezin izango dira jaitsiera postuetatik salbatu. Hala ere, ziur azken bultzada bat eman nahiko dutela. Gainera, gogora dezagun abenduan bere etxean jokatutako partidan puntu bakarrarekin itzuli ginela Ibarrara, markagailuan 2-2koarekin, 40 minutu gogorren ondoren. Zaragozakoek ez dizkie gauzak erraz jarri lehiakide askori eta, hainbatetan, xehetasun txikiengatik bakarrik egin diete ihes puntuek.
Horren aurrean, astelehenaz geroztik ari da entrenatzen gure taldea, eta neurketa aurrera ateratzeko gogo handiarekin sentitzen dira jokalariak, 3 puntu lortzea beharrezkoa baino gehiago dela jakitun. Dena den, gure egoera oso zaila da oraindik. Are gehiago, gure entrenatzaileak ezin izango du larunbatero gurekin egoten diren jubenilen laguntza izan, Cadizen baitaude Euskadiko Selekzioarekin. Halaber, Alvaro ez da deialdian sartuko. Ondorioz, Euskal Ligako Unax Zubiria eta Jokin Agirretxe deitu ditu.
Horrela, beste behin ere, Belabietara indar guztiekin animatzera hurbiltzeko deia egiten diegu gure zale guztiei. Ez dago esperientziak eta lorpenak elkarrekin partekatzea baino hoberik. GOAZEN HORREN BILA!!!!
Eta ezin prebia hau itxi klubetik antolatu dugun Emakumezkoen Oinarrizko Futsal Txapelketaren bigarren edizioa aipatu gabe. Igande honetan bertan izango da, eta Lacturale Orvina klub nafarraren, Zaragozako Cesar Augusta klubaren eta, azkenik, Muslera klub kantabriarraren bisita jasoko dugu. Gogo handia daukagu!
GOAZEN LAUBURU!!!!