Larunbatean Belabietara itzuli ginen Ligako 28. jardunaldia jokatzera. Acontebro Tauste FSren bisita jaso genuen, sailkapeneko azken postuan egon arren, borrokarako gai dela erakutsi duen Zaragozako taldea.

Lehen zatia Jorge, Eric, Chuky, Oscar eta Bolirekin hasita, bi minutu besterik ez ziren behar izan arratsaldeko lehen pausua emateko. Chukyk pilota lapurtu, Ericek jaso, eta indartsu jaurtitzen zuen (1-0). Bi minutu geroago, markagailua estreinatzeko euforia oraindik oso presente zegoela, Christianek Txikiri pasa zion baloia eskuineko hegalera, eta azken honek beste gol bat sartu zuen (2-0).

Ondoren, talde aragoiarra gero eta gehiago hurbiltzen hasi zen Jorgeren areara. Defentsan, pista erdian itxaroteko apustua egiten zuen, gehiegi arriskatu gabe. Hala ere, lehen zatiko erdialdera iritsita, Bolik, erabakitasunez, hirugarren gola sartu zuen area barrutik (3-0). Gero, 11. minutuan, hirugarren falta igo genuen. Horrek zer suposatzen duen jakin arren, bi minutu geroago bosgarrenarekin jarri ginen. Orduan, Zaragozakoek estutzea erabakitzen zuten, baina ondo eutsi genion beste bat eragin gabe. Are gehiago, 4-0ekoa iritsi zen Boliren eskutik, bigarren zutoinetik, oraingoan Juaristiren zerbitzura. Emaitza horrekin iritsi ginen atsedenaldira.

Aldageletatik itzuli ondoren, Jorge, Eric, Chuky, Boli eta Oscarrekin hasi genuen bigarren zatia. Jokoak aldaketa nabarmenik islatzen ez zuela ikusita, 6. minutuaren inguruan, aurkariak 5eko jokoaren aldeko apustua egin zuen. Dena den, Txiki izan zen 5-0ekoa igotzeaz arduratu zena, ezker hegalean jarrita, atezaina bere areatik gehiegi irteten zela aprobetxatuta.

5eko jokoari eutsita, talde bisitaria gola sartzeko zorian egon zen behin baino gehiagotan. Jorgeren aldaratze batzuek eta defentsa on batek eragotzi egiten zuten bisitarien gola. Hainbat aukeren artean, Iliasek 6-0ekoa jarri zuen kontraeraso batean, azken txistua entzuteko 5:38 falta zela. Horren aurrean, saiatzen jarraitu zuen aurkariak, eta jokaldi politak eraiki zituen.

Halaber, markagailuak 6 goleko aldea adierazten zuenez, Jokin Agirretxek eta Unax Zubiriak, gure entrenatzaileak deitutako Euskal Ligako jokalariek, debuta egin zuten. Harmailak bi jokalarienganako animoz betetzen ziren. Hau zirrara! Aurrerago, azken 30 segundoen barruan, aurkariaren bi golak iritsi, baina, gehiagorako astirik gabe, Ibarran geratu zen garaipena. 

Hiru puntu gehitzeaz gain, Liga amaitzeko geratzen diren bi jardunaldiei aurre egiteko behar genuen energia batu genuen, batez ere, kontuan hartuta oraindik ez garela arriskutik irten. Elkarrekin lortuko dugu! GOAZEN LAUBURU!!!!