Emozio handiko larunbata izan zen pasa den astekoa. Goizean, gure neska infantilen garaipenarekin erori zitzaizkigun pozez beteriko lehen malkoak; izan ere, denboraldi osoan gizonezkoen Liga batean lehiatu behar izan ondoren, garaipena lortu zuten Aloña Mendiren (Oñati) aurka 3-2ko emaitzarekin. Taldeak oso partida ona jokatu zuen, azken entrenamendu-saioetan ikasitakoa praktikan jarrita, eta gogoak eta ahaleginak saria dutela erakutsita. Gure borrokolariek beste urrats bat eman zuten aukera-berdintasun eraginkor baten alde. Gurasoak, lagunak, ibartarrak oro har… harmaila osoak zoriondu zituen neskak.
Ondoren, 12:00etan, kadete mailako taldea animatzeko ordua heldu zen. Euskal Kopa jokatzen ari ziren etxean, Otxartaberen aurka, eta irabazteak ia %100ean ziurtatzen zuen Espainiako Txapelketarako txartela. Horrela, berriro bete ziren harmailak, denboraldi honetan Ibarra eta familia morearen arteko batasunaren isla. Lehen taldeko jokalariak ere hurbildu ziren Belabietara, urte osoan zehar beren baldintzarik gabeko jarraitzaileak izan direnak animatzera. Horrela, guztion indarrarekin eta jokalari bakoitzaren intentsitatearekin, Garmenek eta Miguelek zuzendutakoek 6 eta 1eko markagailuarekin gailendu zitzaizkion aurkariari.
Ondoren, bazkaltzeko atsedenalditxo bar hartuta, Gipuzkoako Kopako finalean 2B mailako taldea animatzeko unea iritsi zen. Norgehiagoka, ordea, ez zen batere erraza izan. Aurkaria, Antiguoko, buru-belarri aritu zen, pilota bakoitza borrokatuta. Horren aurrean, behin eta berriz saiatu arren, gure taldeak ez zuen lortzen azken metroetan asmatzea, eta ia atsedenaldia iritsi arte itxaron behar izan genuen arratsaldeko lehen gola ikusteko. Chukyren eskutik etorri zen hura, Ericen zerbitzura, falta batetik eta geldikako jokaldi batean (0-1). Aldageletatik itzuli ondoren, gutxi aldatu zen jokoa, eta donostiarrek 1-1ekoa jarri zuten elektronikoan norgehiagoka amaitzeko 10 minutu falta zirenean. Bukaerara arte iraun zuen emaitzak, eta, beraz, penaltien ordua iritsi zen. Nabaria zen urduritasuna, baina gure jokalariak zertxobait gehiago asmatu (Lauburu 5/5 – Antiguoko 4/5), eta Oscarren azken golarekin, Ibarrara eraman genuen Kopa. Larunbata borobildu genuen. Berezia oso.
Ezin denboraldiari amaiera hobea eman. Oso pozik eta harro gaude. Hazten eta esperientziak partekatzen jarraitzeko gogo handia daukagu! GOAZEN LAUBURU!!!!