Gaur eguerdian Burgosera abiatu gara 19. jardunaldiari dagokion partida jokatzeko. Positiboki dinamika onari eusteko gogotsu, Dani, Zaldua, Raul, Eñaut eta Cecirekin hasi dugu norgehiagoka.

Lehen minutuak ez dira batere onak izan. Galera asko izan ditugu, eta ondorioz, etxekoek behin baino gehiagotan izan dituzte aukera bikainak. Hala ere, ez dute lortu markagailua estreinatzea, batzuetan amaieran huts egin dutelako, eta beste hainbatetan, Dani agertu delako. Horri esker, pixkanaka, erreakzionatzen hasi gara. Gainera, Burgoskoak defentsan pista erdian itxaron arren, aukera bat edo beste sortzen jakin izan dugu.

Horretan murgilduta, atsedenaldirako 7:31ren faltan iritsi da lehen gola, Zalduaren eskutik, area barrutik (0-1). Segundo batzuk geroago, Eñautek urrezko pasea egin dio Rauli kontraeraso batekin jokaldia ezin hobeto amaitzeko (0-2). 0-2koarekin, berdeek 5eko jokoa aukeratu dute, eta hurbiltzea lortu dute aldageletara joateko minutu bat baino gutxiago falta zenean (1-2). 

Jokoan zegoen berdintasunaz jabetuta, Dani, Ceci, Ivan, Raul eta Txikirekin hasi dugu bigarren zatia. Bagenekien Burgoskoek dena emango zutela, eta hain zuzen horrexegatik lehen minutuak erabakigarriak izango zirela. Hori horrela, gogor eutsi behar genuenez, tentsioa handituz joan da, intentsitateak gora egin du, eta defentsa-mailan neurketa guztiz baldintzatu digun bosgarren falta goizegi iristea eragin du. Horren aurretik, aurkariak beste abagune on bat izan du falta batetik, arbitroek erabaki baitute Zalduak eskuarekin ikutu duela baloia, baina Danik ondo atera du hura kanpora. 

Are gehiago, bi penalti bikoitzek garaipena etxetik ez mugitzea eragin ahal izan dute, baina Galiziako atezainak berriro erakutsi du gu bizirik mantentzeko duen abilezia. Tartean, azken txistua jotzeko 5 minutu eskas falta zirenean, Juventud del Círculo-k jaurtiketa oso ona egin du behin betiko emaitza jartzeko (2-2). Partidaren amaieran, Diestrok neurketa “lehiatua” izan dela azpimarratu nahi izan du. 

Beste taldeen emaitzak kontuan hartuta sailkapenean gora egitea ahalbidetzen digun puntu erabakigarria ekarri dugu Ibarrara. Burua hurrengo asteko asteburuan daukagu jada; izan ere, Laskoraineko bizilagunen aurkako derbi handiari egin beharko diogu aurre.

GOOOOOOOOOOAZEN!