Ibartarren Errege Kopako ametsa bertan behera geratu da, atzo Otxartaberen aurka 3-2 galdu ostean
Gure 2B mailako taldeak Bilbora bidaiatu zen atzo, Errege Kopako lehen kanporaketa jokatzera, CD Otxartaberen aurka. Betiko gogo berberarekin partidari ekin eta Marcos, Oscar, Adil, Eñaut eta Iker izan zen lehen bostekoa.
Hasi eta segundo gutxira, lehen aukera Adilen eskutik etorri zen, kanpoko jaurtiketa indartsu batekin. Punteria apur bat gehiago besterik ez zitzaion falta izan. Geroago, lehen 3 minutuak pasata, Otxartabek barkatu zuen lehenengoa, pistaren erditik jaurtiz.
Pixkanaka, etxekoak arrisku handia sortzen hasi ziren Marcosen arean. Hala ere, ez zuten jokaldiak amaitzea lortzen, 8. minutua iritsi eta arratsaldeko lehenengoa igo zuten arte, korner jaurtiketa baten ondoren (1-0). Minutu eta erdi geroago, presio-irteera batean baloia azkar mugituz lortu zuten arratsaldeko bigarrena (2-0).
Ondoren, eusten saiatu arren, Jotak 5eko jokoa aukeratzea erabaki zuen. Moreek lan handia egiten dute sistema mota horrekin eta, Mahastiak Labastidaren aurkako Ligako partidan ikusi ahal izan genuen bezala, nagusitasunean gol aukera argiak sortzeko balio die askotan. Saiatuta ere, 2 eta 0-ekoarekin iritsi ginen atsedenaldira.
Aldageletatik itzuli ondoren, bigarren zatia Jorge, Christian, Juaristi, Oscar eta Adilekin hasi genuen eta lehen erasoetan Ekain gehitu zuen jokora gure entrenatzaileak. Horrekin, hainbat aukera sortu nahi izan genituen baina, gutxien espero genuenean, Juaristiren lesioa iritsi zen. Kapitainak ezin izan zuen jokatzen jarraitu eta amorru handiz atera behar izan zen jokotik. Kolpea gogorra izan arren, bigarren zatiko 4. minutuan gola egiteko zorian izan ginen, Oskarrek bigarren zutoinera zihoan pase bat moztu eta aurka atera zenean. Christianek bukatu zuen ekintza, baina atezainak ondo aldendu zuen pilota.
Aurrerago, oraindik 15 minutu inguru geratzen zirenean, gure taldeak 5-eko jokoarekin saiatzen jarraitzen zuen jabetzari eusteko eta, azkenean, hainbeste espero genuen momentua iritsi zen. Atezaina bularraldearekin baloia gelditzera irten zen bere atea hutsik utzita eta gureek ezin hobeto aprobetxatu zuren erabaki hura, markagailura hurbilduz Adilen eskutik (2-1). 11:38 falta zen azken txistua entzuteko.
2 eta 1-ekoarekin, Jorgek funtsezko esku-hartzeak egin zituen neurketari bilbotarren gol gehiago gabe eusteko. Halaber, berdinketa lortzeko zorian egon ziren Christian eta Ekain, kontraeraso batean. Dena den, defentsa garaiz iritsi zen jokaldia moztu eta saihesteko. Era berean, atzo hainbeste minutuz ikusi ahal izan genuen atezain jokalariaren sistemaren dinamikan, Ikerrek area barruan egindako lan garrantzitsua azpimarratu behar dago. Tolosarrak mugimendu azkarrekin eta baloiaren kontrol handiarekin mehatxatu zuen aurkaria, bere atearen zutoinean.
Horrela, amaierarako 7:46ra dena erabakitzeke zegoelarik, gure bosgarren falta etorri zen, norgehiagokaren intentsitatearen isla. Erasoari dagokionez, 5-eko jokoarekin jarraitzen genuen eta, azken txistua jotzeko 5 minutu baino gutxiago falta zirenean, pistaren beste aldetik ate hutsera jaurti zuten etxekoek, hirugarren gola igoz (3-1).
Horrek ez zuen Jota iritziz aldatzeko balio izan. Hortaz, atezain jokalaria mantenduz, amaierarako 3:44ra etorri zen Christianen gola, kanpoko jaurtiketa batekin (3-2). Emaitza horrekin, Arreguik denbora hila eskatu zuen geratzen ziren minutuak antolatzeko.
Baloia berriz ere martxan jarri eta segituan, moreen seigarren falta adierazi zioten Adili. Ondorioz, penalti bikoitza jaurti zuten bilbotarrek. Norgehiagoka erabakita utzi zezaketen horrekin, 1:52 besterik ez baitzen falta jokoari amaiera emateko, baina jaurtiketa gora joan zen.
Aurrerago, segundo gutxiren faltan, gureek dena ematen jarraitu zuten; izan ere, berdinketa lortzeko aukera politak ikusi ahal izan genituen. Dena den, denbora falta zela eta, Otxartabe izendatu zen garaile.
Partidaren amaieran, Jotak honakoa adierazi zuen: “Sakontasun apur bat falta izan zaigu partida hausteko. Atezain jokalariaren egiturari tira egin diogu partidaren amaierara aukerekin iritsi ahal izateko. Pozik gaude egindako lanagatik, baina kezkatuta, azken zatian joko apur bat falta zaigulako horrelako partidak egokitu ahal izateko”.
Orain Ligako jardunaldietan kontzentratzen jarraitu beharra dago. Ez dago besterik. Horren harira, gogoratu larunbatean etxean jokatuko dugula 18:30ean eta, oraindik bazkide egin ez bazara, gure webgunearen bidez izena ematkeo aukera izaten jarraitzen duzula. ZUEN ZAIN GAUDE!! GOAZEN LAUBURU!!!!