Gure taldea Belabietara itzuliko da CD Ibararteren aurka jokatzeko arratsaldeko 18:30ean

Bihar, larunbata, partida eguna da Ibarran eta geureak CD Ibararte talde nafarraren bisita izango dute Ligako hirugarren jardunaldiko partidan. Aurretik datorren horretan oso kontzentratuta egon arren, kontuan izan behar da ez dela edozein aste izan. Izan ere, moreak Otxartaberen aurka Errege Kopako partida jokatzetik datoz (3-2) eta hori nabarituko egingo da biharko neurketan; bai maila mentalean eta fisikoan suposatu duen esfortzu gehigarriagatik, bai Juaristiren lesio eta bajagatik.

Hala ere, aipatutako nekea eta gure kapitainaren hutsunea nabarituko diren arren, Jotak adierazi duenez, ona da Kopako partidaren ondorioak nabaritzea, taldeak “dena eman” duela erakusten baitu. “Horretarako gaude, lehiaketak aurrera jarraitu eta taldeak gora egin dezan”, esan digu entrenatzaileak. Horrela, lesioengatiko bajak alde batera utzita, beste jokalari guztiak sartu dira deialdian. Gainera, aurre denboralditik 2B mailako dinamikan dauden 5 jubenilei Iturri gehituko zaie oraingoan, Euskal Ligako taldeko jokalaria azken hau ere. 

Aurkariari dagokionez, lehen bi jardunaldietan galdu ostean, oraindik ez du punturik lortu, eta ziur dena emango duela Ligako sailkapenean koskaren bat igo ahal izateko. Are gehiago, Zubirin jokatutako denboraldi-aurreko lagunartekoan (1-2) ikusi ahal izan genuen jokoaren intentsitatea eta maila kontuan hartuta, ez dago zalantzarik, lehiaketako partida izanik, arma guztiak aterako dituztela etxera zerbait eramateko.

Horrekin guztiarekin, hirutik batzea funtsezkoa izango da. Denboraldia hasi baino ez da egin, baina ezin dugu ahaztu lehen itzulitik lehen postuen bila borrokatuz ari garela. 

Beraz, zuen indarra ezinbestekoa izango da gure taldeak ezarritako helburua betetzen jarrai dezan. Lorpen bakoitza zale guztiekin partekatzea benetan berezia da. Belabietan zain izango gaituzue!! Gogoratu, oraindik egin ez baduzue, bazkide egiteko aukera duzuela gure webgunearen bidez. Ez itxaron gehiago! GOAZEN LAUBURU!!

#guretaldeakdenaemangodu