Larunbatean Taustera joan ginen bigarren mailara igotzeko playoffetako itzulerako partida jokatzera. Pasa den astean Ibarran joaneko partida 4-3ko emaitza batekin irabazi ondoren, erronka gainditzeko gogotsu iritsi ginen Zaragozara.
Dani, Raul, Txiki, Ivan eta Gorkarekin kantxaratu ginen, eta jokoaren lehen minutuaren barruan, etxekoek euren atean sartutako golari esker gure alde piztu zen markagailua (0-1). Hala ere, bosgarren falta igotzean, alde batera utzi behar izan genuen poztasun hura, azkarregi, 8.minutuan; izan ere, horrek penalti bikoitza eta etxekoen lehen gola ekarri zuen atsedenaldirako 9:34ra (1-1). Are gehiago, bi minutu geroago, lapurreta baten ondoren iritsitako aldaratze batean asmatu zuten berriro (2-1), eta, lehen zatia amaitutzat emateko 47 segundora, hirugarrena sartu zuten, beste behin penalti bikoitza aski ondo erabilita (3-1).
Aldageletatik bueltan, Dani, Raúl, Chuky, Zaldua eta Cecirekin ekin genion bigarren zatiari. Lehen 20 minutuekin alderatuta, bilakaera oso positiboa izan genuen, baina horrek ez zion aurkariari bere laugarren gola sartzea eragotzi (4-1, min 25). Dena den, minutu bat aurrerago, Zalduak berriro lortu zuen gugan sinesten jarraitzea, baloia area barrutik sartuta, Danik gidaturiko ekintza batean (4-2).
4-2koarekin, oso gertu sentitu genuen helburua. Gainera, lan izugarria egiten ari ginen, eta jokoari lotutako sentsazioak hobera baino ez ziren egiten ari. Orduan, hiru baloi zutoinera bidali ondoren, urrezko aukera iritsi zen amaierarako 2:14ra: penalti bikoitza gure alde. Ibarrako emaitza berdintzeko azken aukera izan zitekeela jakinda, Raulek jaurti zuen, baina atezainak baloia urruntzea lortu zuen. Horren ostean, dena ematen jarraitu genuen arren, ez genuen gehiagorako denbora izan.
Hemen amaitzen da gure bidaia. Minutuak aurrera joan ahala, gu gero eta hobeto egote hura ez zen nahikoa izan lehen zatiko faltei lotuta izan genuen kudeaketa txarrari buelta emateko. Partidaren amaieran, honela zioen gure entrenatzaileak: “Denboraldi bikaina egin dugu, amaierara arte borrokatzen. Gaur gure esku zegoen dena egin dugu erronda gainditzeko. Orain eraikitzen jarraitu behar dugu”.
Halaber, Taustek emandako tratua eskertu nahi dugu. Pistako giroa, 600 pertsona inguru harmailetan… sekulakoa izan zen, eta asko gustatzen zaigu horrela jokatzea. Zorterik handiena opa dizuegu hemendik aurrera.
Gure aldetik, harro gaude, eta betirako gordeko dugu denboraldi bikain honetan bizitako esperientzia bakoitza!!!!! GOOOOOAZEN LAUBURU!!!!!!!