Bihar Iruñera joango gara Ligako hirugarren jardunaldiko partida jokatzera (16:00etan, Donibane Kirol Elkartean). Aste hau berezia izaten ari dela kontuan hartuta (asteartean Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatzetik gatoz eta), ahalegina bikoitza izango da. Hala ere, sentitzen dugun gogoa berdina izaten jarraitzen du, eta taldea sailkapenean puntuak batzen jarraitzeko helburura bideratuta dago. Horrela, biharko neurketa erronka bat gehiago izango da, eta hori gaindituz gero, goiko postuetan dauden taldeei gehiegi urruntzen ez uzteko balioko liguke.

Hain zuzen ere, talde horien artean dago gure aurkaria: AD San Juan. 22-23 denboraldian Ligako txapeldun izan zen SCDR Anaitasunaren aurka berdinketa batekin estreinatu ondoren, nafarrek 3 puntu batu zituzten aurreko astean San Cristobal CD igo berriaren etxean. Beraz, 4 punturekin, Iker Torok zuzentzen dituenak 5. postuan daude, justu gure gainetik.

Azkenik, San Juanen ahalmenak kontuan hartuta, beti izan baita aurkari oso zaila, badakigu edozein hutsegite edo kontzentrazio falta oso garesti aterako zaigula oraingoan. Ildo horretan, Raulek esan digu taldeak badakiela Nafarroako pista hau “pista gogorra” dela eta guztiek, salbuespenik gabe, “astean zehar landutako horretan” jarri beharko dutela arreta.

GOOOOOOAZEN!!!!!