Atzo Antiguokoren aurka jokatu genuen Errege Kopako bigarren kanporaketa. Gaur egun Hirugarren Mailan jokatzen duen taldea izan arren, donostiarrak behin baino gehiagotan egon dira mailaz igotzeko zorian; izan ere, gure entrenatzaileak partidaren aurretik ohartarazi zuen bezala, talde hau, beste faktore batzuen artean, “oso indartsua da fisikoki”.

Horren aurrean, Marcos, Ivan, Raul, Gorka eta Alvaro bostekoarekin hasi genuen norgehiagoka. Gogotsu ekin arren, minutuak aurrera zihoazen heinean, begi bistakoa zen ez ginela “ezertara” jokatzen ari (edo oso joko gutxi sortzen ari ginela, behintzat). Gainera, laugarren minutuan, etxekoek markagailua estreinatu zuten (1-0), lehen zatia eurena izaten ari zela berresteko. Askoz erosoago zeuden, ausartu egiten ziren, eta beraz, gureak baino aukera gehiago sortu zituzten.

Halaber, intentsitatea oso altua zenez, atsedenaldirako 6 minutura igo zuen Antiguokok bosgarren falta. Hala ere, dena ematen jarraitu zuten, eta horrekin batera, 16. minutuan beste gol bat sartzea lortu (2-0), oraingoan eskuadratik. Handik gutxira, guk ere igo genuen bosgarren falta, eta markagailuak islatzen zuen emaitzagatik gehiago ez egiteko neurritasuna mantentzen saiatuta, atsedenaldira 2-0ekoarekin joatea lortu genuen.

Aldageletatik itzuli ondoren, Antiguokok gehiagorako gosearekin egin zuen jauzi pistara, zatiaren lehen segundoetan inork gelditu ezin izan zuen jokaldia burututa (3-0). Minutu bat geroago, aurkariaren falta arriskutsu batek itxaropen pixka bat eman zigun, eta horri esker, Ivanek aldeko lehen gola sartu zuen (3-1).

Horrela, lehenengo 20 minutuetako norabidea pixkanaka aldatuz, aldeko bigarren gola sartu zuen Dylanek, Ivanen pilota falta batetik jaso ondoren (3-2). Geroago, Donostiakoak 5 faltarekin jarri ziren berriro, eta, amaierarako 11:20ra, Alvarok atezaina gainditu zuen, hainbeste desiratu genuen berdinketa lortzen genuelarik (3-3).

3-3koarekin, Mariok zuzendutakoek ez zuten amore eman. Guk ere ez genuen egin, eta, luzapenera gindoazela pentsatu genuenean, Ceci agertu zen azken txirrindarekin batera neurketa erabakita uzteko (3-4).

Amaiera bikaina gure nortasunetik urrun hasi genuen talka baterako, eta beste behin, gure taldearen lan ikaragarria emaitza iraultzeko. Antiguokok atzaparrak erakutsi zituen, baita talentu handia ere, eta horregatik guztiagatik, garaipena lortzeko zorian egon zen.

GOOOOOOAZEN!!!!!!!