Azken bi partidak etxetik kanpo jokatu ondoren, larunbatean Belabietara itzuli zen Lauburu, Ligako sailkapenean postuz igo ahal izateko beharrezkoak diren 3 puntuak lortzeko egin duten lan gogorra erakusteko gogoz.
Oraingoan, F.S Cuéllar Cojalba Mariano Rico taldeari egin behar izan zioten aurre. Cuellarreko taldeak, ibartarrengandik 10 puntura egon arren, Alfredo Hualderen mutilen intentsitateari eta azkartasunari eusteko gaitasuna zuela erakutsi zuen.
Espero bezala, inork ez zuen amore eman partidaren amaiera iritsi arte. Jokoa hasi eta minutu gutxira markagailua irekitzeko aukera asko izan zituzten biek. Hala ere, bai Jorgek eta bai Cuéllar taldeko atezainak lan izugarria egiten zuten euren atea defendatzen eta jaurtiketak sarearen hondoan bukatzea saihesten.
Hasieratik, arrisku handia sortu zuten kontraerasoak egiten hasi ziren Cuellarrekoak, baina Ibarrakoek horiek nola defendatu jakin izan zuten. Gainera, Natalia Marotok presio handiko jokoaren aldeko apustua egin bazuen ere, Lauburuk horri aurre egiten jakin zuen.
Horrela, bi taldeek markagailua estreinatu ezinik jarraitzen zuten bitartean, lehen zatiko 6. minutua iritsi eta Zumetak Belabietako harmaila osoa zutik jartzea lortu zuen, kontrako taldearen area barruan sartutako gol batekin. Gol horrek Alfredo Hualderen mutilek euren gaitasunetan konfiantza handiagoa izateko balio izan zuen.
Lehen zatia bukatzeko gelditzen zen denboran, bi taldeek iritsiera ugari egin zituzten. Hala eta guztiz ere, jokalariek hertsiki saihesten zuten iritsiera horiek markagailura golak igotzeko adina hurbiltzea. Modu horretara, Lauburu 5 faltetara iritsi zen, eta, minutu gutxira, Cuéllar taldeak ere gauza bera egin zuen.
Jokalarien ahalegin horri atezainek egiten jarraitu zuten lan bikaina gehituta, ez zen harritzekoa izan markagailuak aldaketarik gabe jarraitzea lehen zatiaren amaierara iritsita. Beraz, zatia 1-0eko emaitzarekin amaitu zen, etxekoen alde.
Aldageletatik itzuli eta bigarren zatiari ekin ondoren, jokoa ez zen gehiegi aldatu. Ibarrako jokalariek aurkariek zelai erdia igaro ez zezaten lan handia egin bazuten ere, andaluziarrek maila altua erakusten jarraitu zuen eta, ondorioz, Davidek markagailua 1-1-era igotzea lortu zuen, partida amaitzeko 4:16 minutura.
Azken minutuei dagokienez, nahi eta ezin bat bihurtu ziren talde morearentzat. Bost jokalariko jokoa aukeratu eta aurkaria baino hobeto aritu baziren ere, taldeak ez zuen aurkariaren atean asmatzen markagailua bere alde jartzeko izan zituen aukera guztietan. Aipagarria atezain bisitariak egin zuen lana, bere atea inoiz ez bezala defendatu baitzuen. Horrekin guztiarekin, 1-1eko berdinketarekin iritsi ziren partidaren bukaerara.
Zapore gazi-gozoa emaitzagatik, baina gustura egindako lanarekin. Alfredo Hualderen mutilek azken bi partidetako bolada txarra irauli nahi zuten eta, hiru puntuak lortzeko aukerarik izan ez duten arren, ahalegin, sakrifizio eta gogo handia erakutsi dute lehen postuen alde egiten jarraitzeko. Aipatzekoa da Iñigo Iribarrenen debuta ere; erasoan zein defentsan ondo aritu eta Belabietan sentsazio onak utzi baitzituen.
Datorren asteari dagokionez, hiru entrenamendu saio egingo ditu Lauburuk, eta, ostiralean, Guadalajarara joango dira C.D. Escuela Ciudad Guadalajara F.S taldearen aurka lehiatzeko, arratsaldeko 17: 00etan. Guadalajara sailkapeneko azken postuan kokatzen den arren, partida zaila izango dela aurreikusita dago. Hortaz, gogor borrokatu beharko dute hiru partiden ondoren iritsi gabe jarraitzen duen desiratutako garaipena lortzeko.
GOAZEN LAUBURU K.E IBARRA!!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
GOLAK
1-0 MIN 6 ZUMETA
Atsedena
1-1 MIN 36 DAVID