Irailaren 1ean 18:00etan jarriko da Lauburu jarraitzaileen aurrean, eta aurkari handi baten aurka jokatzeko izango da, UJS Toulouse taldea, hain zuzen. Hector Nuñez gaztelarra da entrenatzailea eta frantziar areto futboleko D1 ligan jokatzen du, Alfredo Hualdek gidatutako lantaldearen aurrerapenak neurtuko dituen taldeak.
Toulouse frantziarra 1991. urtean sortu zen eta Frantziako Areto Futboleko lehenengotariko klubetako bat da, lehenbiziko liga nazionala sortu zutenetakoa. 2013. urtean bigarren mailara jaitsi zen eta lau urte pasa behar izan ziren berriro igo zen arte. Jokalari gazteak osatzen dute lantaldea eta beti frantziar gazte oparoen aldeko apustua egin izan dute, pistako formazioaz gain (atzerriko entrenatzaileekin), pistatik kanpokoa ere ematearekin batera (soziala eta lanekoa).
Lauburuk berriz, denboraldi berri bat hasiko du eta pasa den ikasturtean burututako txapelketaren ondoren, aurtengoa berrespenekoa izan beharko luke. Alfredoren taldea iazkoaren berdintsua da; hitzordu honetara berme guztiekin iristeko eta jarraitzaileei ikuskizun paregabea eskaini ahal izateko ahalegin guztiak egin ditu taldeak azken aste hauetan. Maila handiko aurkaria da aurrean egongo dena eta Ibarrara egin beharko duen bidaia aprobetxatzeko gogotsu iritsiko da.
Gaur-gaurkoz, moratuen lantaldearen osaketa itxi gabe jarraitzen du oraindik, eta kirol zuzendaritza agian neguko merkatura iritsiko ez den gehitze baten bila darrai. Alvaro Alonso sentsazio onekin dabil lehenengo taldearekin aurre-denboraldia egiten eta Enrique errioxarrak berriz, lantaldera gehitzeko erabakiaren zain probaketa egiten jarraitzen du.
Beste aldetik, pasa den asteazkenean Antiguokoren kontra aurre-denboraldiko hirugarren lagunartekoa jokatu zuten moratuek Belabietan, eta 5-2 irabazi zuten. Golegileak, Alvaro eta Zumeta bana sartuz, eta Aldalur eta Javi Saldise bina, izan ziren. Sentsazioak hobetzen doaz aldagelan lan-karga handia izango duten aste batean. Alfredoren mutilak, mikro-ziklo berri honetan bi partida jokatuko dituzte eta igandera arte ezingo dute atsedenik hartu.
Bazkideen kanpaina berriz, erritmo onean doa; Lauburuko bazkide egiteko baldintzetan egin diren hobekuntzak erantzun ona izatea espero du klubak jarraitzaileen aldetik, eta aurtengo Errege Kopan izango duen parte hartzeak balore handiagoa ematea. Ostiralean, abuztuak 31n jakingo dugu aurreko fasea jokatzea egokituko zaigun edo ez.
Ibarrako zein areto futboleko jarraitzaile guztiak animatzen zaituztegu norgehiagoka hau ikustea etortzera. Ziur gaude ez duela huts egingo, gainera sarrera doan izango da guztiontzat.
Aukeratu more, egin LAUBURU!!!!