Historia osoan zehar izan duen jokalari handienetako batek uzten du Lauburu. Klubean bere 15. denboraldia beteta, 30 urterekin, bizitza erdia darama Aitzolek kolore morea pistetan defendatzen.
Laubururekin batera jaiotako jokalaria da Aitzol, klubeko historiaren %50aren parte ere izanez. Kadetea zenean jokatzen hasi bazen ere, lehen momentutik, Ohorezko Jubenil Mailan aritu zen. Une horretatik aurrera, ez da klubetik askatzen, etapa ezberdinak bizi dituelarik eta kategoria ezberdinetan parte hartu duelarik: oinarrizko mailetatik hasi eta 2B maila nazionalean 6 denboraldi jarraian jokatu arte.
Hain da handia Aitzolek klub morean duen presentzia, jokatzeari uzten badio ere, ez diola Laubururi guztiz agur esaten. Duela bi denboraldi eta proiektua garatzen jarraitzeko helburuarekin, bere oinordekoetan lanean hasi behar zuela ulertu zuen zuzendaritza batzordeak. Hurrengo belaunaldiek ere klubeko alderdi barnekoena, antolatzaileena, nolakoa zen azter zezaten nahi zuen Lauburuk. Ondorioz, duela denboraldi batzuk, Joseba Balerdi, Jon Garmendia eta Aitzolen arteko lantalde bat sortu zen. Horrela, lankidetza moduan eta etxea barrutik ezagutzeko, zuzendaritza batzordeko kide izatera pasa ziren (oraindik ere jokalariak izaten jarraitzen bazuten ere).
Horrekin, joan den denboraldiaren amaieratik, Aitzol Lauburuko proiektuaren parte izaten hasi zen, beste esparru batetik lan egiten zuelarik. Eta, azkenean, denboraldi honi begira, jokalari izateari uztea erabaki du 30 urterekin.
Laubururen ustez, Aitzol funtsezko pieza da eta pozgarria da jakitea, jokatzeari uzten badio ere, oraindik ere gurekin jarraituko duela. Zalantzarik gabe, DNA morea du eta, beraz, lanean jarraituko du; bereziki, asko zaindu beharreko belaunaldi-trantsizio horretan.
Historia klubez eta esperientzia negatiboz beteta dago eta, trantsizio hori lantzen ez bada, proiektuak desagertu egiten dira ziklo batzuk iraun ondoren. Gure kirola minoritarioa da eta zaila da boluntariotzan lan egiteko prest dauden pertsonak erakartzea. Aitzol bezalako jendea eduki ahal izatea, zeinak Lauburu lau aldeetatik arnasten duen, oso aberasgarria da klubarentzat. Hemendik aurrera, elkarri lagunduz, familiako kide izaten jarraituko du.