Asteburu bikaina osatu du Lauburu Ibarra Mahala taldeak Castro Urdiales C.F.S taldea gainditu ostean Ligako bigarren eta bederatzigarren jardunaldietako partidetan. Bi garaipen hauekin, talde moreak 12 puntu ditu eta, lehen 4 jardunaldiak jokatuta, txapelketako buruan dago.

Larunbatean, bi taldeen arteko lehen norgehiagokan, 2 eta 0-ko emaitzarekin irabazi zuen Belabietan Aitor Arevalok zuzendutako taldeak. Oso partida lehiatua eta irekia izan zen, errespetu handiz elkar ondo ezagutzen duten bi talderen artekoa. Hori guztia jokoan nabaritu zen; izan ere, ez etxekoek ezta bisitariek ere ez zuten lortzen 3 pase baino gehiago jarraian egitea. Hortaz, atsedenaldira 0 eta 0-ko emaitza batekin joan ginen. Bi taldeak geldikako erasoan eta kontraerasoan asko saiatzen ari ziren arren, defentsan egindako lan onak ez zuen utzi markagailua estreinatzen. 

Bigarren zatian, talde morea beste martxa batekin zelairatu zen eta lerro artean nagusitzen hasi zen. Hala ere, emaitzak mugitu gabe jarraitzen zuen minutuek aurrera egin ahala. Castrokoak, pista erdiko defentsa oldarkorra mantenduz, bere momentuaren zain zeuden baloia berreskuratu ondoren abantailan egoera arriskutsuak burutzeko. Partida irekia izaten ari zen eta, talde bakoitza bere joko estiloari leial, azken minutuetan dena erabakitzeke zegoen oraindik. Horrela, lau minuturen faltan, atezain jokalariaren aldeko apustua egitea erabaki zuen etxeko entrenatzaileak, markagailua irekitzea ahalbidetuko zien aldeko egoera baten bila. Hortik aurrera, amaierarako 2 minuturen faltan, Martin Ibarbiak bigarren lerroan egindako lapurreta ondo aprobetxatu eta bere taldea aurretik jartzea lortzen zuen (1-0). Gol honen ondoren atezain jokalariaren errekurtsoa aukeratu zuten  kantabriarrek. Azkenean, amaierarako minutu bakarraren faltan, Iker Sanchezek behin betiko 2 eta 0-koa jarri zuen eta azken txistua entzun zen Belabietan.

Igandeko jardunaldiari dagokionez, oraingo honetan talde ibartarra izan zen Castrora bidaiatu zuena. Bertan, talde moreak garaipena lortu zuen berriz ere, oraingo honetan 3 eta 6-eko emaitza batekin. Arevalok zuzentzen duen taldeak aurreko egunean baino maila altuagoan jokatu zuen partida eta, horren ondorioz, larunbatean baino askoz ere aukera gehiago izan zituzten.

Lehen zatia 1 eta 2-ko markagailu batekin bukatu zen. Castrokoak oldarkorragoak izan ziren, pista erdiko defentsa eta hiru laurdenetakoa txandakatuta, azkartasunez ibili behar izan zuten ibartarrak baloiarekin abantaila espazialak lortzeko. Horri esker, partidako 11. minutuan, Jokin Goikoetxeak lehen gola igo zuen, Eñaut Gilen asistentzia eder bati esker. Minutu bat geroago, Aimar Zubillagak 0 eta 2-koa jarri zuen markagailuan. Aurrerago, 11 segundoren faltan eta 5 faltetako bonusarekin, pista erdian egindako falta inuzente baten ostean, etxeko taldeak aldeak murriztu zituen (1-2). Gol horrekin iritsi ginen lehen zatiaren amaierara.

Bigarren zatiaren hasieran, ibartarrek partidaren erritmoa igo zuten eta etxekoak zertxobait gehiago estutu zituzten. Horri esker, behin lehen 8 minutuak igarota, Eñaut Gilek 3. gola sartu zuen talde morearentzat. Minutu bat geroago, Ekain Goikoetxeak 1 eta 4-koa jartzea lortu zuen, ekintza kolektibo handi bat klasearekin amaitu ondoren.

Ibartarrak oso arin zeuden bitartean, talde gorritxoa jota zegoen. Hala ere, bisitariek ez zuten partida ixtea lortzen eta, amaierarako 8 minuturen faltan, etxekoek aldea murriztu zuten berriz ere (2-4). Gainera, 5 faltekin aurkitzen ziren berriz ere Arevaloren mutilak eta, ondorioz, oraindik ere jokatzeke 7 minutu falta zirela, sufritzeko ordua zen. Dena den, Iker Sanchezek beharrezko 2 eta 5-ekoa jartzea lortu zuen. Horren ondoren, amaierarako 2 minuturen faltan, etxekoak berriro hurbildu ziren markagailua (3-5). Ondoren, Castrokoek ez zuten jakin bi penalti bikoitz aprobetxatzen eta, horietako batean kontra erasoan ateraz, gure taldeak 3 eta 6-koa igo zuen markagailura Eñaut Gilen bitartez. Azken honek izugarrizko partida sinatu zuen eta ametsetako asteburu bati jarri zion ginga.

Partida amaitzean honakoa adierazi zuen gure entrenatzaileak: “Larunbatean gure aukeren azpitik lehiatu genuen. Kosta egin zitzaigun aurkariaren planteamendua irakurtzea eta ahaleginean eta zorroztasunean oinarrituta lortu ziren hiru puntu garrantzitsuak. Igandeko garaipena, berriz, bestelakoa izan da. 40 minutuetan asko jokatu dugu eta lehen eta bigarren zatietako azken minutuak ondo kudeatu ez arren, baloiarekin egindako lana ona eta progresiboa izan da. Orain atseden pixka bat hartuko dugu, hankak berreskuratu eta asteburuan Iturriondoren aurka lehiatzeko prest egoteko”.

GOAZEN LAUBURU!!!!