Lauburu Ibarra Mahala taldeak 4-0 irabazi zion igandean La Esperanza Rangers taldeari. Horrela, denboraldiko hamazazpigarren garaipena jarraian eskuratzen dute eta Ligako sailkapenaren buruan jarraitzen dute, Gijon Playas aurkari asturiarraren aurretik. Gainera, Aitor Arevaloren mutilek Espainiako jubenilen Koparako txartela lortzeko pausu bakarra falta dute, maila nazionaleko 8 multzoak osatzen dituzten 16 talde onenen artean jokatuko baita (talde bakoitzean bi talde sailkatzen dira).

Igandeko partidari dagokionez, Ligako lehen eta hirugarren sailkatuak neurtu ziren Belabietan. Elkar ondo ezagutzen zuten bi talde izanik, partida lehiatua espero zen. Eta hala izan zen: bi taldeek ikuskizun bikaina eskaini zuten 40 minutuko jokoan.

Partida Asturiaseko taldearen nagusitasunarekin hasi zen, hiru laurdenetan gogor estutuz eta aldaketaz beteriko defentsa oldarkorra erabiliz; Marcosek defendatutako atetik gertu lapurretak eragiteko asmoz. Bestalde, pistako hiru laurdeneko defentsa altua eta oldarkorra burutu zuten ibartarrek, Lugonesekoak ohituta dauden etengabeko gainjarreren jokoa eragozteko.

Horrela, partida xake partida baten modukoa izan zen. Bi taldeek argi zuten non egin zezaketen mina eta, bakoitza bere armekin, aurkariaren defentsa desegokitzen saiatu ziren. Hala ere, laugarren minutuan aurreratu ziren piparreroak Ekain Goikoetxearen bitartez; errekuperazio bat aprobetxatu eta 1 eta 0-ekoa sartuz. Ondoren, partidak erritmo bizia izaten jarraitu zuen. Halaber, egiten zuen beroak eragina izan zuen jokalariengan eta bi taldeak faltaz betetzen hasi ziren. 

Aurrerago, partidaren 8.minutuan, Aimar Zubillagak 2 eta 0-ekoa jarri zuen erasoko trantsizio baten ostean. Ondorioz, defentsan estutzen hasi ziren bisitariak eta pibotaren lanari indarra eman zioten arren, Marcosek baloi guztiak urruntzea lortzen zuen eta moreen aldeko emaitzarekin bukatzen zen lehen zatia.

Lehenengoaren antzera, bigarren zatia ere bisitarien nagusitasunarekin hasi zen. Moreek asturiarren erasoak jasan zituzten, baina haiek martxa bat gehiagorekin kantxaratu ziren eta irudi bikaina erakusten jarraitu zuten. Hala ere, behin eta berriz egiten zuten topo Marcosekin.

Gure atezainaren lan bikaina alde batera utziz, etxekoak ez ziren eroso sentitzen neurketaren azken txanpan. Dena erabakitzeke zegoen oraindik; izan ere, bi goleko abantaila bakarrik zuten. Dena den, egoera horren aurrean eta amaierarako 3 minuturen faltan, Aimar Iturriotzen lapurreta batek eta Martin Ibarbiarekin izandako konbinazio onak, beharrezko 3 eta 0-ekoa jarri zuen markagailuan. Horren ostean, atezain jokalariaren aldeko jokoa egitea erabaki zuen aurkariak, baina talde moreak baloia kantxa erdian lapurtu eta Eñaut eta Ekain Goikoetxearen arteko konbinazio on bati esker, azken honek behin betiko 4 eta 0-ekoa jarri zuen.

Partidaren amaieran entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Oso partida zaila izan da eta, mutilen lana, sekulakoa. Ez gara batere eroso egon baloiarekin, baina eskerrak eman behar dizkiet aste barruan ezarritako jarraibideekin jokoan aurrera egiten saiatu direlako. Une jakin batzuetan arriskuak hartu arren, izaera erakutsi eta sufritzen jakin dute. Nekearen ondorioz, defentsako maila murriztu dugu eta haiek indartsu sentitu dira, gainjartzeen ohiko jokoa garatzeko aukera edukiz. Hortaz, funtsezkoa izan da markagailuan aurrea hartzea. Azkenik, nabarmendu beharrekoa da Marcosen lana. Hiru puntu garrantzitsu eta denboraldiko hamazazpigarren garaipena lortu dugu jarraian. Astakeria bat”.

GOAZEN LAUBURU!!!!