Lauburu Ibarra Mahala taldeak Inter Yesos Castaño talde asturiarra garaitu zuen bigarren faseko bigarren jardunaldian. Horrela, Ligako sailkapenaren buruan jarraitzen du 48 punturekin, lehen 16 jardunaldiak jokatu ondoren. Aitor Arevaloren mutilek hamaseigarren garaipena jarraian lortu dute eta 5 puntuko aldea dute bigarren sailkatua den Gijon Playasekiko.
Larunbatean, goizean goiz jaiki zen gure taldea eta 8:00etan irten zen Belabietatik Corverara. Aurrean, gorpuzkera eta presentzia fisiko handiko taldea, dohain tekniko onekin batera, oso lehiakorra dena. Hala erakusten dute, halaber, orain arte lortutako emaitza beren onek. Gainera, aurreko urtean 5-1-eko emaitza batekin galdu zuten haien kontra ibartarrek, eta oraindik ere gogoan dute norgehiagoka hori.
Partida presio altuarekin hasi zen, etxekoen lanak oztopatzeko eta atetik gertu lapurretak bilatzeko. Bertakoek pista erdiko zona-sistema bat burutu zuten, ohikoa ez den sistema bat; banakako defentsak erabiltzen baitituzte bai pista erdian bai pistako hiru laurdenetan. Hala ere, lehen minutuetan tanteoa egin ostean, ibartarrak partidaren jabe egin ziren. Arevaloren mutilak, partidan entxufatuta zeudenak, ideiak oso argi zituztela atera ziren pistara, eta, aurkariak proposatutako defentsa-sistema konplexua izan arren, oso ondo irakurri zuten jokoak eskatzen zuena. Minutuek aurrera egin ahala, talde asturiarrari min handia egiten hasi ziren.
Partidako 15. minutuan, Jokin Agirretxek lapurreta bat ondo aprobetxatu eta, parean zuen defentsa atzean utziz, arratsaldeko lehenengoa sartu zuen (0-1). Minutu bat geroago, Aimar Zubillagak Iker Sanchezentzat baloia utzi eta honek 0 eta 2-koa jartzen zuen markagailuan. Horrekin, ibartarrak eroso sentitzen zirela nabari zen eta, minutu bat geroago, Martin Ibarbiak 0eta 3-koa jartzea lortu zuen, distantziak handituz. Are gehiago, Beñat Irazustabarrenak baloia lerro artean sartzea lortu eta Iker Sanchezek 0 eta 4-koa igo zuen, lehen zatiari amaiera emanez.
Bigarren zatiaren hasierari dagokionez, ibartarrek menderatu zuten berriro; higadurazko jabetza luzeak bilatzen zituztelarik. Horrela, minutu oso autoritarioen ostean, Aimar Zubillagak 0 eta 5-ekoa jarri zuen markagailuan, eraso posizional bikain baten ostean. Gol horrek ukituta utzi zituen etxekoak eta moreek jabetza luzeak egiten jarraitu zuten minutuak pasatzen uzteko. Azkenik, neurketa amaitzeko sei minuturen faltan, etxekoek beren lehen gola sartu eta behin-betiko 1 eta 5-ekoa jarri zuten.
Partidaren amaieran honakoa adierazi zuen entrenatzaileak: “aurkariak 15 metroko zonakako defentsa baxua planteatu digu. Defentsa sistema berria da beraientzat, bakarka defendatzera ohituta baitaude, hiru laurdenetan eta pista erdian. Planteatutako sistemak harritu bagaitu ere, taldeak pazientzia izan du eta pazientziaz erasotzen jakin du, lerroen arteko jokoa ondo menderatuz. Gainera, baloia sartzeko eta ateratzeko gaitasuna izan dugu. Defentsan ere oso ondo aritu gara eta oso pozik gaude garaipenagatik eta egindako lanagatik. Datorren astean La Esperanza Rangers taldeari egin beharko diogu aurre. Ondo landuta dagoen taldea da, erasoan arriskua sorraraziz eta maila taktikoan lan interesgarria burutuz”.
GOAZEN LAUBURU!!!!