Lauburu Ibarra Mahalak 7-0 irabazi zion Apoyo Solidario talde kantabriarrari eta, Ligako 8 jardunaldi jokatuta, denboraldiko zortzigarren garaipena lortu du. Talde moreak oso partida serioa egin zuen 40 minututan zehar eta, aurkariak lehen 20 minutuetan irudi ona eskaini zuen arren, ezin izan zuen ibartarrek bigarren zatian ezarritako erritmo biziari aurre egin.

Partida ibartarren aldeko jabetzarekin hasi zen. Bien bitartean, bisitariak pista erdian gelditu ziren zain, baloiak lapurtzeko asmoz. Etxekoak baloi erritmo gogorra ezarri nahian ari ziren, aurkaria nekatzeko helburuarekin. Lehen aukerak etxekoen aldetik etorri ziren, baina eraso posizionaleko eta geldikako jokaldiak ez ziren ondo atera. Azken pasean erabaki txarrak hartuz, emaitza 0 puntuko berdinketarekin jarraitzen zuen. Aurrerago, partidako 12. minutuan, Iker Sanchezek 1 eta 0-ekoa sartu zuen markagailuan, taldeko ekintza on baten ostean. Minutu bat geroago, Iker Sanchezek beste bat igo zuen (2-0), Ekainekin batera eginiko eraso bikain baten ostean. Markagailu honekin amaitu zen lehen denbora.

Bigarren zatiaren hasiera ez zen aldatu. Piparreroak kontzentratuta atera ziren pistara, amore ez emateko helburuarekin. Horrela, bigarren zatiko 3. minutuan, Jokin Agirretxek 3  eta 0-ekoa jarri zuen markagailuan, bakarkako akzio bikain baten ostean. Bi minutu geroago, Oier Goikoetxeak 4-0-ekoa igo zuen markagailura. Erreakziorako denborarik gabe, Jokin Agirretxek bosgarren gola sartu zuen ibartarrentzatn (5-0). Dena den, etxekoek gehiago nahi zuten eta bisitarien atearen bila jarraitu zuten. Anbizio horren ondorioz, aldea handitu zuten 33. minutuan, jokalari kantabriar batek baloia bere ate propioan sartu ostean. Dena erabakita eta bi minutu jokatzeke, Ekain Goikoetxeak 7 eta 0-ekoa jarri eta Ibarran gelditu ziren 3 puntuak. 

Partidaren amaieran entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Taldea oso kontzentratuta atera da pistara eta ezer gutxi eman diogu aurkariari. Garaipen garrantzitsu bat lortu da, hurrengo fasera hurbiltzen gaituena. Zaila zen hain denboraldi ona imajinatzea. Ondo entrenatzen hasi ginen, gelditu egin behar izan genuen eta, denboraldi-aurreko ia lanik egin gabe, taldea bete-betean sartu zen lehiaketan eta oso ondo ari da lehiatzen. Pistan entrenatu ezin izan genuen 6 asteetan, jokalariek banakako lan fisiko oso garrantzitsua egin zuten eta horrek bere emaitzak eman ditu. Datorren astean Jarrilleros izango dugu aurkari, bai larunbatean eta baita igandean ere. Oso talde fisikoa da eta denboraldi bikaina egiten ari da. Gauzak oso zail jarriko dizkigu, beraz, astelehenetik aurrera Portugaleteko taldean pentsatzen hasiko gara”.

GOAZEN LAUBURU!!!!