Prestaketarako azken astea pasa den ostiralean amaitu zuen Lauburuk, Belabietan San Juan taldearen kontrako norgehiagokan. Neurketa hau Klubeko teknikoek lehenengo lantaldea zein egoeratan dagoen neurtzeko balio izan zuen eta datorren larunbatean hasiko den ligan pentsatzen hasteko.
Norgehiagokatik azpimarragarriena bi taldeak defentsan erakutsi zuten intentsitatea izan zen, jokoa sortzea zailtzen zuelarik. Gol aukera gehienak defentsan ostu eta trantsizio bizkorren ostean etorri ziren. Holaxe aurreratu ziren moreak, Oihanek lehenengo lerroan ostu eta defentsak zein atezainak hainbat alderatze egin ostean, azkenean Oihanek berak sartu zuen baloia sarean jaurtiketa indartsu batekin. Lehenbiziko zatia emaitza honekin amaitu zen, justuko abantaila eta edozer gauzari aurre egiteko prest. Bigarren zatian, iruindarrak ate morea setiatu zuten, korner eta bandako estrategia jokaldiekin Jorge eta defentsaren abilezia neurtuz. 1-1ekoa faltako jaurtiketa zuzen baten ostean iritsi zen, barrerakoen hanka tartetik pasa eta sareetan sartu zenean. Alfredoren mutilak berrarmatu egin ziren golaren ostean eta aurrera pauso bat emanez aurkariaren areara arriskuarekin iristen hasi ziren. Honela, banda bat ateratzean, Beñatek 2-1ekoa markatu zuen area barruan ezkerrarekin errematatu ostean. Pozak denbora gutxi iraun zuen baina; hurrengo jokaldian bertakoen defentsa oker batek Simonen iritsiera ahalbidetu zuen eta Jorgeren aurrean jarrita, nafarrak ez zuen barkatu; markagailua berdindu zen berriro. Azken minutuetan, Lauburuk ohiko bostekoarekin arriskatu zuen eta apustua balekoa izan zen. Golarekin amaitu ez zuten jokaldi batzuen ostean, Oihanek javi Saldiseri penalti puntutik gertu egindako pase batekin Irurtzungoak ez zuen barkatu eta markagailua 3-2an utzi zuen behin betiko.
Laburbilduz, Lauburuk emaitza onekin amaitu du aurredenboraldia, jokatutako lagunarteko guztiak irabazi ditu-eta; lau astetako prestaketan jokatutako bost partiduak, hain zuzen. Lantaldea denboraldi hasierako konpetiziorako beharko duen maila hartzen ari dela ikusten da, eta azpimarragarriena, Boli, Martin eta Alvaro, hiru gazte hauen saio bikainak; hirurak neurketa bakoitzean beharrezkoa den intentsitatea mantentzen lagundu die taldeari, lesionatuta egon diren jokalariak faltan bota gabe. Aste bat besterik ez da geratzen irailaren 14an ofizialki hasiera emango zaion denboraldi berria hasteko. Belabietan izango da Juventud del Círculo taldearen kontra.
Arrazoi desberdin medio, lehenbiziko jardunaldi honen ordutegia aldatu behar izan da eta 12:00etan jokatuko da. Klubak jarraitzaile guztiak animatzen ditu lehenengo neurketa honetara etortzea; bertan 2019-2020 denboraldiko bazkide txartel berriak jaso al izango dira gainera.
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara