ERRITMOA, PAZIENTZIA ETA PUNTUAK MOTXILAN
CMO Valves Lauburuk garaipen garrantzitsua lortu zuen etxetik kanpo Ligako bosgarren jardunaldian, aurkari borrokalari baten aurka irabazita. Sala Quintoren aurkako norgehiagoka fisikoki oso gogorra izan zen, eta Diestroren gizonek ahalegin izugarria egin behar izan zuten. Hasiera zaila izan zuten piparreroak: lehen minutua bete aurretik, Lauburuk bere atean sartutako zoritxarreko gol batekin aurretik jarri ziren etxekoak. Hala ere, ez ziren urduritu bisitariak, alderantziz: lasaitasunari eutsiz, Sala Quintoren presio biziari aurre egiten jakin zuten. Etxekoek jabetza kontrolatu nahian bosteko jokoa erabili zuten, eta horrek erritmo bizia ekarri zuen. Bilbon asteazkenean jokatutako Kopako norgehiagokaren nekea oraindik hanketan zutelarik,Lauburuk esperientziaz eta pazientziaz jokatu zuen, [...]









