Bihar AD San Juanen aurka jokatuko dute gure mutilek lehen itzuliko azken-aurreko partidan. Gabonetako etenaldiaren ondoren, ohiko moduan entrenatu dute asteko 4 saioetan eta, azken jardunaldietan batutako puntuen garrantzia kontuan hartuta, norabide horri eustea ezinbestekoa izango da.
Aurkariari dagokionez, mailan oso finkatua dagoen talde nafarra, hirugarren postuan dago, 25 puntu pilatuta. Horrela, asteartean Tafallaren aurka jokatuko den partida atzeratuaren emaitzaren zain, 6 puntuk urruntzen dituzte ibartarrak Iker Torok zuzendutakoengandik.
Badakigu San Juanen aurkako norgehiagokak beti izaten direla oso lehiatuak, eta esperientzia handiko taldea dela, amaierara arte buru-belarri ibiltzen dena. Gainera, Guadalajaratik puntu baliotsua lortzetik datoz eta etxean liderrari irabazteko zorian egon ziren. Horrek guztiak argi uzten du oraingoan ere dena emango dutela eta ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuko direla neurketatik.
Horrela, Juaristi eta Marcos izan ezik (lesionatuta jarraitzen baitute), beste guztiak deitu ditu Jotak, astean zehar landutakoa praktikan jartzeko. Jubenilen artean, Eñaut, Iker, Ekain eta Unax atezaina izango dira oraingoan taldeari lagunduko diotenak.
Erronka garrantzitsu bati aurre egitea tokatzen da, hainbeste gozarazten duen dinamika on horretarantz arraun egiten jarraitzeko. Bigarren itzuliaren hasierara sentsazio onekin iristea funtsezkoa izango da. Horregatik, gure zale guztiak taldea animatzera gonbidatzen ditugu Iruñera, etxekoen berotasuna sentitzeak beti asko laguntzen baitu, izugarri.
GOAZEN LAUBURU!!!!