Larunbatean Villalbara (Madril) joan ginen Ligako azken-aurreko jardunaldia jokatzera. Maila ziurtatzeko asmo argiarekin, bagenekien hiru puntu gehitzea zela gure aukera bakarra.
Horrela, Jorge, Oscar, Chuky, Boli eta Eric boskotearekin hasi genuen topaketa. Oscarrek izan zuen lehen minutuan lehen aukera garbia, zutoinean bukatzen zuen jaurtiketa batekin. Horren ostean, bosgarren minutura arte ez genuen beste argi bat ikusi, Chukyren jaurtiketa indartsu batekin, etxeko atezainak arrakasta handiz kanpora atera zuena. Ondoren, 8. minutura arte itxaron behar izan genuen beste aukera polit bat ikusteko, oraingoan Christian eta Iliasek zuzendutako ekintza batekin. Hala ere, 9. minutuan iritsi zen arratsaldeko lehen gola (0-1). Jabetza berreskuratu genuen, eta Iliasek barrura sartu zuen baloia atezainari aurre egin ondoren. Horren aurrean, minutu bat gehiago behar izan zuen aurkariak partida berdintzeko, gure area barruan jaso ondoren (1-1).
Aurrerago, ez genuen aprobetxatu gure aldeko falta garrantzitsu bat. Arearen ertzetik jaurtitzen genuen, baina esferikoa zuzenean joan zen atezainaren oinetara. 14. minutura iritsita, eta etxekoek laugarren falta igo ondoren, kontraeraso batean barkatu zuten.
Lehen zatia amaitzeko 6 minutu falta zirenean, Villalbako mutilek bosgarren falta egin zuten, eta penalti bikoitza iritsi zen. Christianek jaurti, eta barrura sartzen zuen gure taldea aurretik jarriz (1-2) atsedenaldirako 5:35 falta zirela. Hala ere, ia hurrengo ekintzan, urrutiko jaurtiketa batekin erantzuten zuten bertakoek (2-2). Partida berriro tauletan zegoela, Christianek jaurtitako penalti batek 3 eta 2-koa ekarri zuen lehen zatiaren amaieratik 4:40ra. Ondo eutsiz, beste aldaketarik gabe iritsi ginen atsedenaldira.
Aldageletatik itzuli ondoren, Jorge, Oscar, Boli, Chuky eta Ericekin hasi ginen. Jokoaren lehen minutuan, Chukyk bere bigarren txartel horia ikusten zuen kontzentrazio-akats larri batean, epailearen baimenik gabe atera batizuen bandatik. Jokalari bat gutxiagorekin eustea tokatu zitzaigun, beraz. Lortzeko zorian geundenean, berriz ere berdintasunean jokatzeko 30 segundora, Villalbak bigarren zutoinetik sartzen zuen baloia barrura (3-3, 3:20 min). Golak min handia ematen zuen, baina dena ematen jarraitu behar genuen.
Orduan, gertu egon ziren etxekoak markagailuan aurrea hartzeko, zutoinean amaitzen ziren bi ekintzekin. Handik gutxira, falta batetik zuzenean atera jaurti, eta aurretik jarri ziren (4-3, 7. min). Gero, Jorgek ezinbesteko bat salbatu ondoren, berriz ere funtsezko esku-hartzea egin zuen, Villalbak area ertzean egindako falta batetik egindako jaurtiketa kanpora aterata.
Azken txistua entzuteko 9 minutura, bosgarren falta pilatu genuen. Bosgarrenarekin, seigarrena eta aurkako penalti bikoitza etorri ziren. Dena den, zutoinean bukatzen zuen baloiak. Bien bitartean, Christian txartel gorriarekin kanporatu zuten aulkian zegoela; diziplina-txartela, aldaketara joan aurretik jaso zuen txartel horiagatik behin baino gehiagotan kexatzeagatik. Partidaren momentu garrantzitsuenean utzi zuen taldea Christianek eta, gainera, ezin izango du jokatu azken jardunaldian.
Gero, guri iritsi zitzaigun nagusitasunean jokatzeko aukera, etxeko jokalarietako batek bere bigarren kartoi horia jasotzen baitzuen. Gure aukera zen! Ondo aritu ginen, baina are hobeto aritu zen atezaina, izan genituen 4 aukera nagusiak atera baitzituen. Are gehiago, horietako batean, kontraeraso on bat aprobetxatu zuten Villalbakoek, eta ate hutsaz baliatu ziren gure taldea atezain jokalariarekin lanean ari zela (5-3).
Bosteko jokalariari eutsiz, topera ahalegintzen jarraitu genuen, eta markagailuan hurbiltzea lortu genuen amaierarako 1:15en faltan Txikik buruz sartutako golarekin (5-4). Dena eman genuen azken segundora arte, baina emaitzak ez zuen gehiago mugitu nahi izan.
Partida amaitu zenean, handia zen Madrilera bidaiatu genuen guztion hasarrea; batetik, galdutako aukeragatik eta, bestetik, bi kanporaketen ondorio larriengatik.
Orain gure indar guztiak atera behar ditugu azken jardunaldian mailari eusteko. Gure esku dago, eta azken kartutxo bat geratzen zaigu. Inoiz baino gehiago, konfiantza eta lana, lan handia. GOAZEN LAUBURU!!!! Elkarrekin lortuko dugu!!!!