Bihar Zaragozako Pinseque taldearen bisita jasoko dugu Belabietan, beti bezala 18:30ean. Ligako 11. jardunaldiari dagokio partidak, eta beraz, lehen itzuliko azken zikloan sartuko garela esan nahi du horrek.

Aurkariari dagokionez, maila honetan bereziki nabarmentzen diren jokalariak dituen taldea da. Gainera, oro har, gol-ahalmen handia dute denek, eta horren guztiaren ondorioz, faboritoen artean daude taularen goialdean egoteko (gure entrenatzailearen arabera, “baita Liga irabazteko ere”). Hori gutxi balitz bezala, haiek baino 3 puntu gehiago bakarrik ditugu sailkapenean. Beraz, oso gertutik jarraitzen gaituzte, eta horrek are zailagoa bihurtzen du biharko neurketa. Hala eta guztiz ere, Danik asteroko saioetako batean esan digunez, beste partida bat balitz bezala prestatu dute erronka, eta betiko bera da xedea: intentsitatea mantentzea.

Ideia horri jarraituta, gure jokalari guztiak deitu ditu Jotak, Ekain izan ezik, Euskal Ligako taldearekin bidaiatuko baitu. Gogora dezagun, halaber, Oscarrek min hartuta jarraitzen duela, eta ezin izango duela jokatu.

Argia da helburua, eta taldeak deialdi berezia egin du harmailak berriro bete daitezen. Denboraldi hau ikusgarria izaten ari da, eta ez dugu esentzia hori galdu nahi. Inola ere ez.

ESKERRIK ASKO!! GOOOOOAZEN!!!!