Gure taldeak Burgosen jokatuko du bihar Ligako laugarren jardunaldia, arratsaldeko 18:30ean 

Jotak zuzentzen duen taldeak Burgosko Juventud del Círculo Católico-ren aurka jokatuko du asteburu honetan Ligako laugarren jardunaldiko partida. Joan den larunbatean Belabietan lortutako garaipenaren ondoren, dinamika onari eutsi eta hirutik gehitzen jarraitzea da asmoa.

Aurkariari dagokionez, orain arte jokatutako jardunaldi guztiak galdu ditu eta, beraz, oraindik ez du punturik igo sailkapenera. Hala ere, talde beterano baten aurrean gaude eta bere pista maila honetako zailenetako bat da. Inoiz ez da erraza Burgosen puntuatzea. Ildo horretan, gure entrenatzaileak adierazi duenez, plantilla oso bertikala osatzen dute, “joko-egoera kontrolatuak” eta “bikain menderatutakoak” sortuz.

Horren aurrean, baja garrantzitsuekin bidaiatuko du talde moreak. Dakigun bezala, Alvarok jokatu ezinik jarraitzen du, Juaristi oraindik ez da Kopako lesiotik osatu eta Chuky Kolonbiara joan da bere bisa jasotzera. Halaber, ezingo dugu Marcos atezain jubenilarekin kontatu, baina Zuhaitz berreskuratuko dugu. Bestalde, Boli ere deialdian sartu da oraingoan; ikusiko dugu nola eboluzionatzen duen, oraindik ez baita erabat sendatu. Azkenik, Jorge, Oscar, Christian eta Adil eta Eñaut, Beñat, Iker eta Ekain jubenilak deialdian sartu dira ohi bezala eta, helburuari dagokionean, guztiz mentalizatuta sentitzen dira.

Hortaz, ondo ezagutzen dugun talde baten aurkako talka zailak eta, seguru, parekatuak espero digu aurretik. Gogora dezagun iaz azpitaldea partekatu genuela eta, gure etxean irabazi arren, eurenetik esku hutsik itzuli ginela; haien pistan jokatzen dutenean erakusten duten indarraren eta nagusitasunaren isla.

Twitter-eko @LAUBURUKEIBARRA gure kontutik jarraitu ahal izango duzue norgehiagoka. Ez ezazue galdu!! GOAZEN LAUBURU!!!!