Igandean Donostiako Gaska Kiroldegian jokatuko dugu Ligako 2.jardunaldia. Partida 12:15ean hasiko da, eta CD Otxartabe bilbotarra izango dugu aurkari. Belabietan jokatzea faltan botatzen dugun arren, jakin badakigu egoera berri honekin aurrera egitea dela aukera bakarra, baita jarrera positiboa mantentzea ere.

Aurkariari dagokionez, aspaldiko ezaguna dugu asteburu honetan parez-pare izango duguna, hain zuzen ere, Ligako beste aurkari gogorrenetako bat. Gure antzera, 23-24 denboraldiari hasiera ona emateko bidean daude bizkaitarrak; izan ere, 1.jardunaldia amaitzeko 10 minuturen faltan, euriteek eragindako uholdeak zirela eta partida bertan behera utzi behar izan bazuten ere, 3-1eko emaitzarekin zihoazen garaipenaren bidean, mailara igo berri den Segoviako CD San Cristobal taldearen aurretik.

Horren aurrean, gure aldetik, Pinsequeren aurkako garaipenari esker, lehenak kokatu gara sailkapenean, eta postu horri eusteko indartsu sentituta, gogor aritu gara asteko lanketan. Horrekin lotuta, Alvarok hurrengoa esan digu: “Bilbokoen jokoa aztertu dugu, eta konfiantza handiarekin sentitzen gara iganderako”.

Hori horrela, Txiki eta Ceci izan ezik (pasa den asteko molestiak direla eta), jokalari guztiak deitu ditu Diestrok, eta gainera, Chuky-rekin kontatu ahal izango dugu, ezarri zioten zigorra bete baitu jada. Era berean, oraingoan ere lagunduko digute Euskal Ligako Unaxek eta Eñautek. Bikain erantzun zuten aurreko larunbatean, eta ziur gaude oraingoan ere gure entrenatzaileak eskatzen duena  betetzeko gai izango direla.

Honekin guztirekin, marea morea Donostian zabaltzeko deia luzatzen dizuegu!!!!!!!! ANIMATUUUUU!!!!! GOOOOOAZEN!!!!!