Bihar AD San Juan talde nafarraren bisita jasoko dugu Belabietan, 18:30ean, eta Play Off-a jokatu ahal izateko beharrezkoa den laugarren postua berreskuratu ondoren, ez daukagu besterik buruan. Are gehiago, badugu helburu zehatza: ahalik eta gehien urruntzea taulan estutzen gaituzten talde horietatik. Izan ere, Iker Torok zuzentzen dituenak dira hain justu soilik 2 puntu gutxiagorekin atzetik jarraitzen gaituztenak. Beraz, 3 puntu lortzen ez baditugu, eszenatokia nabarmen zailduko da guretzat, 22-23 denboraldia amaitzeko jardunaldi gutxi falta diren honetan.
Horren aurrean, gure entrenatzaileak jokalari guztiak sartu ditu deialdian (Ilias eta Eric lesionatuak izan ezik, ofizialki jakinarazi dugun bezala, ez batak ezta besteak ez baitu aurten gehiago jokatuko). Halaber, Euskal Ligako Beñat eta Ekain ere deitu ditu. Astea, oro har, ondo joan da, eta denak oso mentalizatuta daude norgehiagoka honen garrantziarekin, kirol zuzendaritzatik “urteko partidetako bat” bezala kalifikatu baita.
Aipatutako guztia aintzat hartuta, ez dago zalantzarik: zaleen babesa behar dugu, inoiz ez bezala. Ez gara nekatzen errepikatzeaz zein garrantzitsua den zuen presentzia harmailetan. Izugarri laguntzen diozue jokalariei edozein egoerari aurre egiterako orduan.
Belabieta berriro betetzera animatzen zaituztegu esperientzia ahaztezinak partekatzen jarraitu ahal izateko!!!!
GOOOOAZEN!!!!