Areto futbol partida bikain bat ikusteko aukera izan genuen larunbatean Belabietan, zaleak sortzen dituen horietakoa. Bi taldeen arteko errespetua gailendu zen lehenbiziko zati hotz baten ostean, bigarrena gol-aukerak, golak, alternatibak, epaile-erabaki eztabaidagarriak eta infartuzko amaierak pilatu zituen denbora izan zen. Berdinketak ez zuen bi taldetako inor asetzea lortu.
Bi planteamendu oso desberdinekin hasi zen norgehiagoka, bertakoak alturazko defentsa landuz San Juanen baloi irteera zailtzeko; eta iruindarrek berriz, baloia utzi eta defentsa pista erdian eginez, ibartarren akatsak bilatu eta kontrara atera nahian. Bietako inork ez zizkion besteari erraztasunik jartzen eta defentsak erasoen aurrean gailentzen ziren. Denbora-tarte honen ondoren, Javier Pulidok aurkariaren atean estututako baloi bati zukua ateratzen jakin izan zuen, baloia ostu eta Joseba azpitik menderatuz, markagailuan 0-1ekoa ezartzeko. Hortik aurrera Lauburu berdinketaren bila joan zen, sortze-eremuan ongi triangelukatuz eta hainbat alditan iritsiz Javi Amezquetaren atera. 1-1ekoa iritsi zen halako batean; talde guztiak parte hartu zuen presio irteera bikain batean izan zen, Zumetari baloia iritsi zitzaion eta atera zuzendu zuen atezaina goitik menderatuz. Handik aurrera, bi taldeak markagailuan aurreratzen saiatu ziren, baina aldageletara banako berdinketarekin joan behar izan zuten.
Atsedenaldia amaituta, lehenbiziko zatiaren eskenatokia aldatu zen, eta bi taldeak garaipenaren bila atera ziren. Gero eta hurbilketa gehiago ari ziren gertatzen bi ateetan, San Juan izan zelarik lehena markagailuan aurreratzen. Korner batean, eta hainbat alderatzeren ostean, Mikel Marinek sareetara botatzea lortu zuen. Minutu bat beranduago Andoni Carlosenak berdinketa egiteko aukera izan zuen, baina bere area barruko errematea altu joan zen. Hurrengoan, zalantza handiko falta batean, Jose Mariak 1-3ra igo zuen markagailua, ibartarrak jota utzirik. Hala ere, Lauburuk bere izaera atera zuen eta baloiaren jabe egin zen; Beñatek botatako diagonal bikain batek toki ezin hobean zegoen Oihani jaurtiketa erraztu zion eta 2-3koa lortu zuen. Zortzi minutu falta ziren oraindik eta bero zegoen giroa. Epailearen beste erabaki zalantzakor baten bidez, txartel gorria atera eta Garmen kanporatua izan zen, Lauburu bi minutuz gutxiagotasunean utziz. Jokalari moreak bere ate inguruan pilatu zituen orduan San Juanek, baina Zuhaitzek, defentsak eta baita zutoinek ere egindako lan bikainari esker, ez zuen golik sartzea lortu. Gutxiagotasun minutu horiek amaitu aurretik iritsi zen gainera, estasia harmaila morera: Andoni Carlosenak kontrako zelaian baloia ostu eta Aitzoli pasa zion, honek irrikazko hirunako berdinketa hori egin zezan. Azken hiru minutuetan Alfredo Hualdek garaipenaren aldeko apustua eginez, bosteko jokoarekin arriskatu zuen. Irabazteko zorian egon ziren, baina oraingoan Javi Amezqueta izan zen markagailuan berdinketa mantentzen jakin izan zuen protagonista.
Markagailuan bitan azpitik joanda, eta berdinketara iritsi eta azken minutuetan irabazteko zorian egon ondoren, zapore gazi-gozoa geratu zitzaion familia moreari. Hala ere, norgehiagokaren amaieran izandako sentsazio onak hartu behar dira kontuan eta goiko postuetara hurbiltzen joateko lanean jarraitu. Ez da erraza izango, izan ere, datorren astean Lauburuk Tolosaldeko derbia jokatuko baitu Laskorainen kontra Usabalen.
#AukeratuMOREeginLAUBURU
#GoazenLauburuKEIbarra
XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, A. Carlosena, Aitzol (1), J. Saldise eta Beñat Aldalur.
Beste parte-hartzeak: Oihan (1), Zumeta (1), Adri, Garmen, Dani G., A. Agirrezabala eta Zuhaitz.
AD SAN JUAN – DONIBANE KE: Javi Amezqueta, Igor, Javi Oroz, José Maria eta Yago.
Beste parte-hartzeak: Marin, Tore, Pulido, Julen Eseverri, Guille, Román eta Adrián.
TXARTEL HORIAK: A. Carlosena, A. Agirrezabala eta A. Zumeta (LAUBURU K.E. IBARRA) / Tore, Román, Guille eta Yago (AD SAN JUAN)
GOLAK
0-1 MIN 10 Pulido
1-1 MIN 14 Zumeta
DESCANSO
1-2 MIN 25 Marin
1-3 MIN 28 José María
2-3 MIN 32 Oihan
3-3 MIN 35 Aitzol
EPAILEAK
Iván Santos Fernandez (Aragoiar Komitea)
Eduardo Sierra Gimeno (Aragoiar Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Verónica Dos Anjos de Celis (Gipuzkoako Komitea)
Atsedenaldian egindako zozketan BENTA ALDEA jatetxeak eskainitako bi lagunentzako afariaren zozketan Itxaso Mendigain izan zen irabazle.