Duela 4 urte iritsi zen Dani Ibarrara eta Raid, berriz, aurreko urtean. Biak oso gustora sentitu dira Klubean eta, erabakia hartzea zaila izan dela adierazi duten arren, beren gaztetasuna eta gauza berriak egiteko gogoa medio, beste proiektu batzuetan murgilduko dira hurrengo denboraldian. Lauburutik eskerrak eman nahi dizkiegu elkarrekin partekatutako lorpen bakoitzagatik eta onena opa diegu etorkizunean.

Halaber, jokalari nafarrek hurrengo mezua utzi nahi izan digute:

Dani: “2017ko udan fitxatu nuen Klub honekin, jokalari eta pertsona bezala hazteko eta ikasteko asmoz. Helburua guztiz bete da. Iritsi nintzenetik etxean bezala sentiarazi naute, entrenamenduetako bakoitzean. Hortaz, eskerrak eman nahi dizkiot Klub osoari: egunero-egunero bertan geundenoi eta, nolabait esateko, lan “iluna” egin dutenei. Oso erabaki zaila izan da, baina gorputzak erronka berriak eskatzen zizkidan nire bizitzan. Gure helburu nagusitik pauso batera geratu izanaren arantzatxoarekin geratzen naiz, baina ez daukat zalantzarik, lehenago edo beranduago, Klubak helburu hura lortuko duela, Belabietako harmailetatik laguntzen duten pertsonetako bakoitzarekin batera. Benetan ESKERRIK ASKO DENAGATIK!!!! BETI LAUBURUUUUU”.

Raid: “Eskerrak eman nahi dizkiot Klubari aurten erakutsi didan guztiagatik eta, batez ere Jotari, bere ezagutza guztiak nirekin partekatzen jakin izanagatik. Nire indarguneei etekin handiena ateratzen jakin izan du. Pena ematen dit egungo egoera dela eta Belabietako zaleetaz lokal gisa gozatu ez izanak. Taldeari betiko babesa ematen jarraitzea animatzen ditut denak”.

GOAZEN LAUBURU!!!!