Ibarrak maila berean lehiatu zuen kategoriako liderraren kontra; Colo Colo F.S., Zaragozako taldea. Alfredo Hualderenak partiduan sartuta egon ziren denbora guztian, markagailuan ere aurreratu zirelarik. Eta maila mantendu zuten defentsa-akatsek markagailuan atzetik utzi zituzten arte. Moratuek kantxan jada bosteko jokoa zutela aprobetxatu zuten aragoiarrek errenta handitzeko, bertan ikusitakoa islatzen ez duen emaitzara iritsi arte.
Erasoan bikain ibili zen Ibarrako taldea, arrisku egoerak sortzeari begira batez ere. Tokiko taldea ere ez zen atzean geratu, bi areatan jarraian sortutako ekintzekin partida ikusgarri bat biziaraziz. Atezainen arratsaldea izan zen. Azken minutuetan sorbaldako minez lesionatuta erretiratu zen arte, Zuhaitz bikain egon zen. Aurkako atezainak ere, javier lehenengo zatian eta Santiago bigarrenean, maila handiz aritu ziren.
Bi atetan hainbat aukera izanda gero, Lauburu izan zen lehenbizi jo zuena. Lehenengo lerroan baloia ostu ondorengo konbinazio bat Javi Saldisen txut batekin amaitu zen eta Javierrek ezin izan zion eskuetan heldu; alderatzea Andoni Carlosenak hartu eta markagailua estreinatu zuen. Minutu onak izan ziren Laubururentzat, Zuhaitz handi batek eusten zituela atzetik, moratuek erraz iristen ziren Zaragozakoen atera, baina aukera horiek aprobetxatu ez izana garesti ordaindu behar izan zuten.
Berdinketaren gola zorigaiztoko karanbola baten bidez etorri zen. Ustez arrisku handirik izan ez zuen, Adanek egindako tiro batek Beñat jo eta baloiaren norabide aldaketak Zuhaitz ustekabean harrapatuz gertatu zen. Min dezente egin zuen tanto honek, baina osatzea lortu zuten eta lehenengo denbora Javierren atean arriskua sortzen amaitu zuten. Igor Echarri eta Zumetarenak izan ziren aukerarik garbienak azken minutuetan. Ez zuten alabaina, saririk izan eta bi taldeak banako emaitzarekin joan behar izan zuten aldageletara.
Bigarren zatiko lehenengo minutuak aurreko denboran ikusitakoaren jarraipena izan ziren. Erasoak gailentzen ziren defentsaren gainetik eta atezainak izan ziren markagailua geldirik mantentzearen ardura hartu zutenak. Tokiko taldeak mugiarazi zuen bere aldera, Adanen tiro bat Muniesak orpoarekin jo eta baloiari norabidea aldatuz berriro Zuhaitz ustekabean harrapatu zuenean. Hainbeste lan eginda gero azpitik ikustea gaizki asentatu zitzaion Ibarrari eta honek aurkariaren esku geratzea eragin zuen hainbat minutuz. Zuhaitz izan zen taldea partiduan sartuta mantendu zuena.
Alfredo Hualderen mutilak partidari buelta ematea zegoela sinisten ari ziren momentuan iritsi zen 3-1ekoa. Adanek zulatu zuen berriro ate ibartarra, defentsa-akats batez baliaturik. Zazpi minutu geratzen ziren eta Alfredok segituan jarri zuen atezain jokalaria kantxan. Hala ere, ez zuen eman bestetan eman izan duen emaitza; zirkulazioa ongi egin bazuten ere, Colo Colok pazientzia handiarekin babesten jakin izan zuen. Bere aukerak aprobetxatu zituen eta partidua erabakita geratu zen. Muniesak egin zuen 4-1ekoa Santiagok presio-irteeran egindako asistentzia baten ostean. Amaitzeko segundo batzuk besterik falta ez zirela, Victorrek urrunetik ate hutsera botatako tiro batekin arratsaldeko azken gola sartu zuen.
Ziurrenik kategoriako onena izango den taldearen kontra lan asko egin eta ongi lehiatu den Laubururentzat zigor handiegia izan zen. Moratuek ongi erasotu zuten eta joko alaia garatu zuten, baina bere dohain nagusienean tronpatu ziren, defentsan. Larunbatekoaren ondoren, Ibarrak 27 punturekin itxi du lehenengo itzulia. Azken denboraldietan lortutako erregistroa asko hobetu dute, baina zapore gazi-gozoarekin, azken bi partiduak galdu egin baitituzte. Hortzak estutu eta bigarren itzuliko lehenengo neurketa ilusio handiz prestatzea tokatzen da. Datorren abenduaren 23an moratuek Quinto de Ebrora joango dira bertako taldearen kontra jokatzera. Ilusiorako arrazoirik ez da falta; bigarren buelta lehenengoaren antzekoa egitea lortzen badute, ibartarrak meta onak lortzeko lehian egongo dira denboraldi amaieran.
GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
COLO COLO F.S: Javier, Adan (2), Alessandro, Tabuenca eta Daniel. Carlos, Muniesa (2), David, Víctor (1), Diego , Santiago eta Paulek ere, jolastu zuten.
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Zumeta, Aitzol, Andoni Carlosena (1) eta Javi Saldise. Oihan, Igor Echarri, Beñat, Garmen eta Danik ere, jolastu zuten.
TXARTEL HORIAK: Carlos (COLO COLO F.S.) / Javi Saldise (LAUBURU K.E. IBARRA).
GOLAK

  • 0-1 MIN 9 Andoni Carlosena
  • 1-1 MIN 15 Adán
  • 2-1 MIN 25 Muniesa
  • 3-1 MIN 33 Adán
  • 4-1 MIN 46 Muniesa
  • 5-1 MIN 40 Victor

EPAILEAK

  • Sergio, Mugueta Lascarro (Nafarroako Komitea)
  • Jose Antonio, Pinar Viñas (Nafarroako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

  • Laura, Rubio (Aragoiko Komitea)