Ibartarrentzat hasi da 2015-16 denboraldia, Lauburu K.E. Ibarra – Debabarrena Concepto Eguile. Partidua larunbatean izango da arratsaldeko 18:00etatik aurrera Ibarrako Belabieta Kiroldegian. Mikel Diestrok zuzendutako taldeak, kirol honetako kategoriarik gorenean dagoen Gipuzkoako Derbiarekin hasiko du denboraldia.

Bost lagunarteko partiden aurredenboraldi baten ondoren, Ibarrakoek liga hasierara gogotsu iritsi dira, Mikelek dioenez: “Aurredenboraldia nahiko luzea izan da, abuztuaren 3an hasi ginen eta zazpi astez luzatu da, hasteko gogoarekin gaude. Entrenatzeko garai korapilotsu honetan taldeak lan ona egin du nahiz eta, lanaldi zein oporraldiekin hainbat arazo izan dituen.”

 Denboraldi honetarako daukan lantaldeari buruz galdetuz, honakoa erantzun zuen: “Denboraldi honetarako berrikuntzak Iraitz atezaina, Iñigo Arrospide ‘Arros’-en itzulera eta lantaldean laguntza emango duen kalitate handiko gazteen sarrera izan dira. Helburua haztea da eta ikasten jarraitzea, oso ongi ari baikara entrenatzen. Jokalariak jarrera ezin hobea dute eta hortik abiatu behar dugu”.

Elgoibarkoek jokalariekin joan-etorri handia izan dute uda honetan. Debabarrenaren proiektua Erkidegotik kanpoko jokalariak aurkitzean datza, proiektu berrian sinetsi eta ilusioz eta gogotsu datozten bertako nahiz mugakide diren Kantabria eta Nafarroakoen aldeko apostua eginaz.

Partidu berezia izango da, derbi on bat, Belabietara bertaratutako afizioa, kantxako lagun eta lankide ohien arteko lehiak emango duen ikuskizun paregabearen testigu izango da.

IMG-20150915-WA0003-2

Egun horretan Belabietako palkoa prestatuko da, Gipuzkoako Futboleko Federazioko lehendakaria den Jose Luis Larrea jauna eta bere idazkaria den Patxi Gabilondorentzat eta baita Gipuzkoako Futbol Salaren Komiteko lehendakaria Gurutz Bozal eta Ibarrako udaletxeko ordezkarientzat ere.

Atsedenaldian, gure laguntzaileak diren Mahala eta Danon Txokoa tabernak, bazkide guztien artean afari bat zozketatuko dute, partida ikusten egon edo ez. Gipuzkoako Futboleko Federazioaren Lehendakari Jose Luis Larreak, aurreko ligan Txubelen eskutik txapeldun geratu zen Jubenilen taldeari trofeoa emateko protokoloa ere egingo da.

28 Kanalak partida diferituan eskeiniko du igandean gaueko 22:00etatik aurrera; denon artean kirol honen handitasuna erakutsi eta Belabietara etorritako gipuzkoar afizioari gaur egun eskeini daitekeen norgehiagoka handienaz gozatu eta ikuskizun paregabea aurkezteko aukera bikaina.

Ilusioz beteriko denboraldiaren hasiera da, elkartearen 25. urteurrena dela kontuan hartuta, igande honetan Hauspoa Kultur Elkarteak antolatutako Azoka berezian postu bat ipiniz parte hartuko dugu. Bertan, taldearen garai bateko argazkiak, ekipazio historikoak, bufandak, etab. egongo dira, eta aldi berean bazkide egiteko aukera ere izango da bertan.