Asteburu honetan hasiko da 22-23 denboraldiko bigarren itzulia 2B mailako gure taldearentzat. Badakigu lehenengoa oso gogorra izan dela, eta hau ere gogorra izango dela, baina horrek ez du eragozten erronka bakoitzari ilusioarekin, eta gauzak ondo egiten jarraitzeko itxaropenarekin heldu nahi izatea, batez ere, gure helburu handinahiak ihes ez egiteko.

Eta ziklo berriari derbi batekin ongietorria ematea baino gauza hoberik ez dagoenez, bihar, 18:30ean, Antxo AF taldearen bisita jasoko dugu Belabietan. Gaur egun sailkapeneko azken postuan daude Pasaiakoak 8 punturekin, 2 garaipen, 2 berdinketa eta 11 porroten ostean. Hala ere, gogora dezagun denboraldi honetan estreinatu direla maila honetan, eta emaitza parekatu batzuk erakusten duten bezala, garaipena lortzeko zorian egon direla norgehiagoka askotan. Gainera, ezin dugu ahaztu euren aurka neurtu ginen lehen partidan berdinketarekin amaitu genuela (2-2), eta gerra handia emateko gai direla erakutsi zutela.

Hori kontuan hartuta, akatsak zuzentzeko, aurkaria aztertzeko eta goiko postuetan mantentzeko dugun gaitasunari lotuta konfiantza ez galtzeko balio izan du asteak. Ideia hori buruan mantenduta, jokalari guztiak deitu ditu gure entrenatzaileak (Eric izan ezik, oraingoan ere ezin izango baitigu lagundu bere lesioagatik), baita Euskal Ligako taldeko Ekain eta Beñat ere.

Dena emango dugu! GOOOOOOOAZEN!!!!