Ostiral honetan, apirilaren 12an, Gipuzkoako senior emakumeen Ligako Play Off-a jokatuko da Belabietan. Bertan, Ligan zehar elkarren aurka jokatu duten, eta, beraz, elkarren artean oso ondo ezagutzen diren lau taldeek hartuko dute parte. Talde horien artean, Lauburu dago; izan ere, garaipenez garaipen, lidergoari eustea lortu dute gure neskek astero.

Denboraldi hau azken lehiaketa berezi batekin ixteko helburuarekin, Play Off-a honela antolatu da: 10 mintuko bi zati, baloia kanpora ateratzen denean denbora geldituko delarik. Taulako lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren aurka. Beraz, lehenengo kanporaketa 20:00etan hasiko da, eta bertan Lauburu eta Anoeta lehiatuko dira. Ondoren, 20:45ean, Antiguoko eta Tolosalaren arteko norgehiagokaren txanda izango da. Azkenik, final handia, 22:15ean.

Hau dena esanda, ezin ahaztu emakumezkoen areto-futbolak, oro har, eta gure lurraldean bereziki, oztopo ugari dituela. Talde eta jokalarientzako baliabide eta finantza-laguntza falta da arazo garrantzitsuenetako bat. Talde askok babesleak eta baliabide egokiak lortzeko borrokatu behar izaten dute, ekipamenduen, instalazioen eta bidaien kostuak estaltzeko, eta horrek mugatu egiten du maila gorenean lehiatzeko gaitasuna.

Gainera, Gipuzkoako emakumezkoen areto-futbolaren ikusgarritasuna eta aintzatespena oraindik mugatuak dira gizonezkoen areto-futbolarekin alderatuta. Hedabideen babesa eta erakundeen laguntza funtsezkoak dira kirolaren ikusgarritasuna handitzeko eta ikusle eta babesle gehiago erakartzeko.

Duela denboraldi gutxi arte Gipuzkoako Ligan zeuden 12 taldetatik erdia baino gutxiago izatera pasatu gara, eta, zalantzarik gabe, hori hainbat eragileren interes eta laguntza faltagatik gertatu da, pixkanaka egoera hori eragin baitute. Hemendik, erakunde eskudunen erreakzioaren beharra azpimarratu nahi dugu, atzetik datozen guztientzat beranduegi izan baino lehen.

AUPA NESKAK!!!!!!!!!!! EGURRA!