Lauburu Mahala goraka doa bere hobekuntzan; Gora Bilbaori 7-4ko emaitzarekin irabazi zion ligako zortzigarren jardunaldian. Moratuek Liher, Paul eta azken unean Oierren bajekin, eragozpenak gainditu zituzten eta lehenengo zatian egindako joko bikainari esker, aurkaria menderatu zuten, baina Belabietan irudi oso ona eskaini zuen arerioa izan zen.
Azken partiduak hasi diren antzeko tonikarekin hasi zen hau ere, ibartarrak pistaren hiru laurdenetan presionatzen, aurkariaren atean baloiak ostu nahian ta eraso posizionalean ohiko lauko joko dinamikoa ezartzen. Lehenengo unetan ibartarrak nagusitu ziren, estrategia ekintzen bidez, arrisku egoerak jarraian sortuz; arratsaldeko lehenbiziko tantoa lortzeko ozta-ozta egon ziren, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. Bisitariek aldiz, bere bigarren iritsieran 0-1ekoa egitea lortu zuten. Bostgarren minutua zen.
Erditik atera eta berehala, Asier Aierbe eta Aitor Sanchezen artean bikain lotutako ekintza batean, azken honek, markagailua berdindu zuen. Partida oso elektrikoa eta ikusgarria izaten ari zen; jokalariak partidan sartuta eta pistan ikuskizun bikaina. 30 segundo beranduago, 2-1 egin zuten ibartarrak; oraingoan Jon Ander Cuadrado izan zen, bakarka egindako ekintza baten bidez, markagailua moratuen alde jarri zuen jokalaria.
Norgehiagokaren 10. minutuan, eta moratuek onenean zeudela, ibartarren defentsako akats bat medio, Gorak emaitza berdintzea lortu zuen. Baina, burua jaitsi gabe, erditik atera eta bikain gauzatutako beste ekintza batean, Asier Colasek 3-2koa egin zuen, berriro markagailua aldeko jarriz. Moratuek bisitariaren kolpe bakoitzari erantzuten zioten, eta partida elektrikoa izaten jarraitzen zuen. Etxekoek golak sartzeko aukerak sortzen eta aurkaria, aurreratzeko asmoz, 1x1eko ekintzak jarraian eginez. Azken zatiaren amaierako denboran sartzean, Arevaloren mutilak, 4 minutu paregabeetan, bilbotarrak erabat lotu zituzten, eta 2:25 minutu faltan Aitor Sanchezek 4-2koa egin zuen. Hau gutxi ez, eta Aitor Gurru eta Jon Anderren arteko presio-irteera ezin hobean, azken honek, lehenengo zatiko azken 5-2ko emaitza egin zuen.
Bigarren denbora bisitariek jabetza gehiago zutela hasi zuten, Lauburu Mahala berriz, pista erdian kokatuta, akats bat noiz egingo zain, kontra batean ateratzeko. Ibartarrak errotazio laburragoarekin, lehenengo unetako planteamendua aldatu zuten, honela partidaren azken minutuetara fresko iritsi ahal izateko. Markagailua ez zen aldatu azken zortzi minutura arte; bisitariek bakarkako ekintza batean eskuadratik gol ikusgarri bat sartu zuen eta Eñautek ezin izan zuen ezer egin. Gol honen ostean ibartarrak berriro estutzen hasi ziren eta hiru minutuetan norgehiagoka bideratuta utzi zuten Aitor Sanchezen bi golekin (guztira lau gol eginda, pokerra osatu zuen). Bi minutu falta zirela aurkariak 7-4koa egin zuen, partida emaitza honekin itxiz.
Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak garaipena baloratu zuen: “aste honetan ohi dugun baino lasaiago entrenatu dugu, gainean genituen kontrako baldintzengatik. Hala ere, eskatzen zaion izaerari leialtasunez erantzuteagatik zoriondu behar dugu taldea. Arerioak asko exijitu digu bigarren denboran eta oso eroso sentitu ez geran uneak izan ditugu. Erasorako gaitasuna duen talde bat geneukala aurrean bagenekien eta bikain bideratu dugu neurketa lehenengo zatian. Jasotako kolpeak ere, ongi erantzun ditugu eta hori aldeko dugu. Ildo onean gaude, urtea amaitzeko bi jardunaldi geratzen zaizkigu eta jokoan 6 puntuak batzea gustatuko litzaiguke”.
Gainontzeko taldeak kolore guztietako emaitzak izan dituzte:
Olatz Artolak gidatutako emakumezkoen taldeak berdinketa egin zuen Anoetan. Honela baloratu zuen emaitza entrenatzaile berak: “Ondo jokatu zuen Anoetak. Hasieratik gogotsu ekin zioten partidari. Guk, ordea, itzalita, lokartuta. Guk ordena jarri beharrean, gure ordena hankaz gora jarri zuten anoetarren jokora mugatu ginen. Eta horrela sentitu ginen, mugatuta.  Egoera hori izanagatik, markagailuan aurrea hartu genuen eta 0-2 abantaila lortu genuen. Dena den, anoetarrek ez zuten etsi eta emaitza berdintzea lortu zuten. Bi gol sartu zizkiguten, bata lehen zatian eta bestea bigarren erdian. Bigarren gola ez du ez Anoetako jokalariak eta gure atezainak luzaroan ahaztuko, gogoangarria izan zen. Hortzak estutu eta kaosa ordenatzen ahalegindu arren, ezin izan genuen beren jokotik atera eta gure jokoa ezarri. Partidaren hondarrean, puntuak biltzeko beldurra odolean genuela, hainbat gol aukera garbi izan genituen, baina ez zen posible izan. Ez, ostiralean ezin izan genuen irabazi, baina egiari zor, ez genuen irabaztea ere merezi”.
Filial seniorrak eta kadeteak galdu egin zuten, nahiz eta Belabietan jokatutako derbia ederra izan zen. Pistan eskainitako ereduagatik zoriondu nahi ditugu bi taldeak.
Azkenik, jubenil probintziala garaipenaren bidera itzuli zen Urretxun lortutako izen handiko garaipenarekin. Ondorioz, Goierriko taldeak betetzen zuen bigarren postura itzuli dira; emaitza bera Uzturpe Lauburu 2004 infantilak, eta Uzturpe Lauburu 2005 beste infantilak berriz, hirunako berdinketa egin zuten Gael taldearen kontra.

EMAITZAK
KATEGORIA PARTIDA EGUNA EMAITZA TOKIA
2. B LAUBURU K.E. IBARRA – A.D. NALDA Larunbata 25 7-0 Belabieta kiroldegia (IBARRA)
Oho. Jub. LAUBURU IBARRA MAHALA – GORA BILBAO RED BLUE Larunbata 25 7-4 Belabieta kiroldegia (IBARRA)
Emakum. ANOETA F.T. – LAUBURU KE IBARRA Ostirala 24 2-2 Abraham Olano kirol. (ANOETA)
1. Territo. LAUBURU ALDAZ KILINIKA – TELLATUBERRI ZALDIBI Ostirala 24 2-3 Belabieta kiroldegia (IBARRA)
Jubenilak GOIERRI K.E. – LAUBURU K.E. IBARRA Larunbata 25 3-4 Aldiri kiroldegia (URRETXU)
Kadeteak LAUBURU K.E. IBARRA – HERRIKIDE Larunbata 25 0-3 Belabieta kiroldegia (IBARRA)
Infantilak UZTURPE LAUBURU 2005 –  GAEL Larunbata 25 3-3 Belabieta kiroldegia (IBARRA)
Infantilak ARIZMENDI ESKORIATZA – UZTURPE LAUBURU 2004 Larunbata 25 1-21 Ibarra kiroldegia (ARETXA.)