Lauburu Ibarra Mahala taldeak Gora Bilbao taldearen aurka jokatu zuen berriz ere Ligako zortzigarren jardunaldian. Aurreko astean lehen jardunaldiko partida jokatu ondoren, bi taldeak aurrez aurre lehiatu ziren berriro, oraingo honetan, Ibarran. Partida oso lehiatua izan zen bi taldeentzat, baina Aitor Arevaloren mutilek eraman zuten garaipena partida hasiera distiratsu baten ostean; izan ere, lehen lau minutuetan bi goleko errenta lortu zuten eta, hortik aurrera, partida behar bezala kudeatzen jakin izan zuten. 

Partida ibartarren sakearekin hasiz, bi taldeak defentsa erasokorrak egiten saiatu ziren espazioak bilatzeko asmoz, gol egoera arriskutsuak sortze aldera. Horrela, partidako 2. minutuan, Iker Sanchezek 1 eta 0-koa jarri zuen markagailuan. Bi minutu geroago, erasoko konbinazio kolektibo batean, Eñaut Gilek bigarrena igo zuen.

Talde morea oso gogor aritu zen defentsako lanetan eta erasokorrak izan ziren Aimar Ugartemendia atezainari lan handirik ez emateko. Agresibitate horren ondorioz, 5 falten bonusarekin kargatu ziren etxekoak, jokatzeko 4 minutu falta zirela. Minutu bat geroago, aurkariak 10 metroetatik egindako jaurtiketa bat desaprobetxatu eta lehen zatiaren amaierara iristen ginen.

Bigarren zatia lehenengoaren oso antzekoa izan zen; bigarren minutuan gure taldeak arratsaldeko hirugarren gola sartu baitzuen Ekain Goikoetxearen eskutik. Gol honek partida erabakita utziko zuela zirudien arren, 40 segundo geroago, talde bisitariak 3 eta 1-ekoa jarri zuen markagailuan.

Bisitarien lehen golarekin, ibartarren minuturik onenak etorri ziren eta, talde ekintza bikainen bidez, markagailua handitzeko hainbat aukera izan zituzten. Hala ere, aurkariak lan ona egin zuen hura ez gertatzeko. Baina, amaierarako 10 minuturen faltan eta Martin Ibarbiak egindako kontraeraso bikain batean, Jokin Agirretxe 4 eta 1-ekoa jartzeaz arduratu zen. Bilbotarrak atezain jokalariaren baliabidearekin saiatu ziren norgehiagokaren azken minutuetan, baina emaitza ez zen berriro mugitu eta hiru puntuak Belabietan gelditu ziren.

Partida amaitzean, entrenatzaileak honakoa esan zuen: “Joan den astean baino hobeto ibili gara, baina azkarrago jokatu behar dugu baloiarekin eta gabe, aurkituko ditugun defentsa mota desberdinak desegokitzeko. Defentsan eta geldikako erasoan finagoak izan behar dugu, baina taldearen ahalegina eta elkartasuna eztabaidaezinak dira. Zorionak taldeari!!!! Jarraitu horrela lanean!!!!”

GOAZEN LAUBURU!!!!