Igande honetan Burgosera bidaiatuko du gure taldeak. Bertan, Juventud del Círculo Católico CD taldearen aurka lehiatuko da goizeko 11:45ean, ligako laugarren jardunaldiari dagokion atzeratutako partidan. Aurkariak 6 partida jokatu ditu orain arte; horietatik 3 irabazi, 1 berdindu eta 2 galdu dituelarik. Horrela, 10 puntu pilatzen dituzte guztira eta gaur egun taulako 4. postuan daude.

Etxean jokatzen duenean oso indartsu egiten den taldea izanik, Burgosko kantxa oso zaila da, zailenetarikoa. Gainera, sailkapeneko postuari dagokionez bi taldeak oso antzeko egoeran gaudela kontuan hartuta, ez dago zalantzarik irabazteko gogoa eta aurkariari gauzak erraz ez jartzea izango direla protagonista norgehiagokan.

Horren jakitun, ibartarrak joan den astean Bilbon gertatutakoari buelta emateko prest daude. Nahiz eta aste hau zertxobait desberdina izan den (asteleheneko entrenamendua bertan behera geratu baitzen elurteen ondorioz joan-etorri arazoak egon zirelako eta atzokoa erregeen jaieguna zelako), gaurko eta biharko saioak falta dira oraindik lanean jarraitzeko. Gainera, asteartean egin zen saioan, gure entrenatzaileak oso ondo ikusi zuen taldea, “animoekin eta kritikoak izanik”, hala behar baitu. Are gehiago, “asteko lanari aurre egin eta hobetu beharrekoa zuzentzeko” konbentzituta ikusi zituen jokalariak Arreguik. Deialdiari dagokionez, Endika azken unera arte zalantza izango da eta Peñak taldearen dinamikan erabat sartu gabe jarraitzen du. Bi atezainen egoera salbuespen, gainerako taldekide guztiak jokatzeko prest egongo dira hasiera batean.

Hortaz, igandeko neurketari modu berezian egingo zaio aurre, une honetan duen garrantziagatik. Gogora dezagun orain arte partida gutxien jokatu dituen taldea garela eta Burgos eta Auzoak de Zierbena CDF-ren aurka jokatzea besterik ez zaigula falta lehen itzulia ixteko. Modu horretara, ezinbestekoa da puntuak gehitzen jarraitzea play off-aren alde borrokatu ahal izateko. Jotak ere azpimarratu nahi izan du neurketaren garrantzia: “hemen ikusiko dugu zein egoeratan gauden”.

Beraz, ibartarrek sentsazio onekin eta gehiagorako gogoz itzultzeko helburuarekin egingo diote aurre igandeko norgehiagokari. Era berean, oraingoan ere partida zuzenean jarraitu ahal izango duzuela gogorarazi nahi dizuegu, Juventud del Círculo taldearen YouTubeko kanaletik zein klubaren Twitterreko kontu ofizialetik (@LAUBURUKEIBARRA).

GOAZEN LAUBURU!!!!