Alfredo Hualderen taldea Belabietara itzuliko da aste honetan, non Kukuyaga Etxebarri F.S. taldearen aurka jokatuko duen. Egun 15 puntu pilatzen ditu talde bizkaitarrak, 5 partida irabazi eta 17 galdu dituelarik.
Asier Navarrok zuzendutako taldeak jokatutako azken jardunaldiari dagokionez, 0 eta 7-ko emaitza batekin galdu zuten Tafatransen aurka, Navarrok “porrot gogorregia” bezala definitu zuen partida batean.
Hala ere, emaitza horiek gorabehera, larunbateko partida ez da erraza izango ibartarrentzat. Izan ere, bi taldeek lehen itzulian jokatu zuten partida gogora ekarriz gero, Lauburuk lan handia egin eta asko sufritu behar izan zuen 3 puntuak etxera eraman ahal izateko. Etxekoek gogor eutsi zioten partidari, adorez eta intentsitatez.
Hori dela eta, talde moreak bere bertsiorik onena atera beharko du 3 puntuak lortzeko. Behin baino gehiagotan egiaztatu ahal izan denez, kategoria honetan puntuak lortzea ez da batere erraza, batez ere, oso Liga parekatua izaten ari delako. Gure jokalariei dagokionez, Juaristiren baja ziurtatuarekin jarraitzen dugu, bere lesioa dela eta. Bestalde, Dani, Antxon eta Beñat zalantza izango dira azken momentura arte hainbat eragozpen direla medio. Horren aurrean, gogor entrenatzen ari da taldea aste honetan eta ostiralera arte hala egiten jarraituko du; inauteriek eskualdean duten eragin handiari egokitutako plangintza jarraituz.
Horrela, pistara oso aktibo, kontzentratuta eta ideiak argi izanda sartzea beharrezkoa izango da. Jakitun izan behar dugu huts egiteko tarterik ez dagoela eta proposatutako helburua bete nahi bada ezinbestekoa dela azkeneraino borrokatzea eta hirunaka batzea. Guztira 8 partida falta badira ere, horietako 5 Belabietan jokatuko dira. Beraz, 24 puntu daude jokoan eta horietako bakoitza banan-bana borrokatu beharko da sailkapenean gure aurkari hurbilei erasotzen jarraitzeko.
Hori guztia kontuan hartuta, Lauburutik zale more guztiak animatu nahi dugu Belabietara hurbildu daitezen indar guztiekin jokalariak babestera. Taldea oso motibatuta dago hain garrantzitsua den partida honi aurre egiteko eta, horri zuen indarra gehituz gero, dena askoz errazagoa izango da.
LARUNBATEAN ITXARONGO ZAITUZTEGU!!!!
AUPA LAUBURU!!!!