Lauburu Mahala Ibarrak 9-1 irabazi zion bigarren faseko lehen jardunaldian Asturiasko EFS Siero taldeari Belabietan. Horrela, Ligako sailkapenaren buruan jarraitzen du, lehen eta bigarren faseetan lortutako puntu guztiak batuta.
Asturiarrek pista erdiko defentsa batekin hasi zuten jokoa, baloiak lapurtzeko asmoz. Bisitariek ezustean harrapatu zuten etxeko taldea, lehen zatiko 38. segundoan markagailua estreinatuz (0-1). 15 jardunaldiren ostean talde batek piparreroei aurrea hartzen zien lehen aldia izan zen. Datu bitxia eta aldi berean aipagarria, esperimentatzeko egoera berria. Gol horrek ekarri zuen antsietatearen ondorioz, baloiaren erritmoa aurkitzea kostatu zitzaien ibartarrei.
Aurrerago, Aitor Arevaloren mutilek erasorako plana zehaztuta eduki arren, ez zuten lortzen maila teknikoan fin egotea, ezta bisitariek planteatutako defentsaren irakurketa aurrera eramatea ere. Dena den, minutuek aurrera egin ahala, taldea partidan finkatzen joan zen eta 4. minutuan Iker Sanchezek 1-1ekoa jarri zuen markagailuan. Etxeko taldeak partida kontrolpean edukitzen hasi zen, azken metrotan zehaztasuna izatea kosta bazen ere. Bitartean, Asturiaseko taldea pista erdian gelditu zen zain, kontraerasora ateratzeko. Emaitza ez zen mugitu lehen zatia amaitzeko 2 minuturen faltan Martin Ibarbiak talde osoak burututako eraso bat ondo gauzatu zuen arte (2-1).
Aldageletatik itzuli ondoren, 10 minututan aurkaria txikitu zuen talde moreak, 7-0eko partziala sartuz eta partida erabakita utziz jokatzeke beste horrenbeste minutu falta zirela. Iker Sanchez (2), Ekain Goikoetxea, Martin Ibarbia, Unax Iglesias eta Oier Cuerdo izan ziren golegileak. Hala ere, talde moreak ez zuen partidaren intentsitatea jaitsi eta amaierara arte lehiatzen jarraitu zuen. Horrela, 6 minuturen faltan, Jokin Agirretxek markagailua itxi zuen arratsaldeko azken gola sartuz eta 3 puntuak Ibarran utziz (9-1).
Partidaren amaieran entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Kosta egin zaigu partidan sartzea eta jasotako lehen golak antsietatea eragin digu; izan ere, lehen aldia izan da egoera hori bizi dugula denboraldia hasi genuenetik. Akats tekniko larriak eta pase-lerroen irakurketa txarra izan ditugu, baina minutuek aurrera egin ahala finkatu egin gara eta konfiantza irabazten joan gara. Bigarren zatia oso ona izan da, astean zehar landu ditugun alderdiak aurrera eramanez. Astean zehar gogor entrenatzen duen eta orain arte lehiaketaz gozatzen ari den taldea indartzen duten alderdiak dira. Badakigu, halaber, arratsalde gogorrak etorriko direla eta sufritu egin beharko dugula puntuak aurrera ateratzeko. Hala ere, taldea oso gogor ari da lanean, eta eskerrak eman nahi dizkiet astero egiten duten lanagatik. Astelehenetik aurrera Inter Yesos taldearen aurkako partida prestatzen hasiko gara. Bertute handiko aurkaria da eta iaz porrot gogorra jasan genuen haien aurka. Egoera hura gogoratzea ondo etorriko zaigu, lehen minutuetan kontzentratuta zelairatzeko”.
GOAZEN LAUBURU!!!!