Bihar, Belabietan, Errioxako FS Villa de Quel hartuko dugu arratsaldeko 18:30ean. Liga amaitzeko sei jardunaldi besterik falta ez direnean, badakigu zer behar dugun, eta ezin gara batere deskontzentratu. Joan den larunbatean Zierbenaren aurka lortutako garaipenak energia positiboz betetzeko balio izan zuen arren, oso argi daukagu puntuak lortzea funtsezkoa dela oraindik.
Aurkariari dagokionez, sailkapeneko 12. postuan dago gaur egun, 26 puntu pilatuta (gure taldeak baino 2 gutxiago), 7 partida irabazita, 5 berdinduta eta 12 galduta. Lehen itzulian elkarren aurka jokatu genuen partida aipatzen badugu, emozioz beteriko norgehiagoka datorkigu gogora, non amaierara arte ez zen ezer erabakita egon. Azkenean, tentsio momentu ugari pasata, gure aldeko 4 eta 5eko markagailu estu-estu batek Ibarrara ekarri zituen 3 puntuak.
Hori kontuan hartuta, zalantzarik gabe, oraingoan ere 40 minutu gogor izango ditugu zain, eta ahalegin handia egin beharko dugu. Bai gure helburua, bai Quelena, ia berbera da une honetan: salbazioa, eta jaitsiera postuetatik ahalik eta gehien urruntzea. Horrek hurrengoa besterik ez dakar: astebururo garaipena lortzea. Gainera, horri guztiari gehitu behar zaio ezin izango dugula Jota aulkian izan; izan ere, Lehiaketa Batzordeak 5 partidetako zigorra ezarri dio Zierbenako neurketaren ondoren. Klubak errekurritu egin du erabakia, aktaren idazketa okerra salatuz, eta zati bat gezurtatuz. Hala, klubetik baliabide guztiak erabiliko ditugu, erantzuleak jakitun izan daitezen, eta etorkizunean beste batzuek egoera bera jasan ez dezaten.
Horregatik guztiagatik, oso argia da gure zaleei bidali nahi diegun mezua: INOIZ BAINO GEHIAGO BEHAR ZAITUZTEGU. Ez gara nekatuko esaten zuen animoak funtsezkoak direla talka bakoitzean. Zalantzarik gabe, Belabietako norgehiagoken ezinbesteko zati bat zuek guztiok osatzen duzue. Mila esker bihotzez! Elkarrekin lortuko dugu! GOAZEN LAUBURU!!!!