Gure taldeak Zaragozara bidaiatu zuen atzo. Bertan, Pinseque A.D taldearen aurka lehiatu behar zuen, bigarren faseko bosgarren jardunaldiri dagokion partidan. Baja garrantzitsuak eta nabariak izan arren, espedizioa garaipen gosez irten zen. Ibartarrak bigarren postu ilusionagarri bat lortzeko borrokan ari dira gaur egun. Zaila bada ere, lortuz gero, euren helburuak gainditu eta denboraldi gogor hau borobilduko lukete.
Endika, Andoni, Juaristi, Raid eta Antxon izan ziren hasierako bostekoa. Jokoa oso aukera onarekin hasi zen ibartarrentzat, Raidek bigarren zutoinetik baloia jaurtitzen zuelarik Andoniren zerbitzura. Hala ere, baloiak ez zuen sartu nahi izan eta atezainak arratsaldeko lehenengoa saihestu zuen. Segundo gutxira, partidako 1:40 minutuan, Pinsequek ez zuen bere aukera alferrik galdu eta markagailua estreinatu zuen (1-0). Zirkulazio azkarrari eta bigarren zutoinera iristen zen baloi bati esker etorri zen gola. Minutu batzuk geroago, etxekoak markagailuan urrundu ziren (2-0), berriro bigarren zutoinetik, irakurketa on eta trantsizio azkar baten ondorioz.
Geroago, Juaristiren jaurtiketa zuzen batek emaitzara hurbildu ahal izan gintuen, baina bertako atezainak ez zuen talde moreari bere ateko sarea zeharkatzen utzi nahi. Antxonek ere area barrutik izan zuen bere aukera, baita Iñigok urrun joaten zen baloi batekin ere. Horrela, lortzear geundela zirudienean, Pinsequek bere hirugarrena igo zuen atsedenaldirako 14:15 falta zirenean (3-0). Baloiak Iñigori eman eta Endikaren ate barruan amaitu zuen.
Lehen zatiko erdialdera iritsita, markagailuak mugitu gabe jarraitzen zuen. Beste bi aukera garbi izan genituen: Antxonen bolea bat eta Raidek gauzatu ezin izan zuen kapitain nafarraren lapurreta on bat. Antzera, Iñigok baloia berreskuratu zuen lehen lerroan eta erasoan atera zen, baina, beste behin, kale egiten genuen azken metrotan.
Bien bitartean, Dani Salanuevak zuzentzen duen taldeak laugarren gola egin zuen (4-0) lehen zatiaren amaierarako 7:08 falta zirela. Gainera, 3 minutu geroago, bosgarren falta igo genuen eta horrekin egin behar izan genion aurre gelditzen ziren minutuei. Beste gol batek min handia egingo zukeen eta, handicapaz horretaz jabetuta, gureek ondo eutsi zioten. Horrela entzuten genuen atsedenaldia iragartzen zuen txistua.
Bigarren zatia Antxon, Andoni, Juaristi, Iñigo eta Jorgerekin hasi zen. Emaitzari buelta emateko guztiarekin irteten ginenaren isla, moreak, 5etik erasotzen hasi ziren. Bien bitartean, etxekoak pista erdian zeuden zain. Hala ere, minutuak aurrera zihoazen eta ez zen ezer aldatzen. Baloia ondo mugitu arren, estrategiak bukatu ezinik jarraitu genuen. Intentsitate plus bat falta zitzaigun, lehen zatiko 4-0ak eragina izan zuen eta nabaritu egiten zen. Hala ere, ez genuen amore eman eta Antxoni gutxi falta izan zitzaion 3×1 ekintza batean. Gero, Pinsequekoen hutsarte baten ostean, beren bosgarren gola iritsi zen. Juaristi erasoan atera zen, bertakoek tolosarra gelditu eta baloia berreskuratzea lortu zuten (5-0) partidako azkena sartuz. 3:41 falta zen amaierarako. Dena erabakita, azken minutuak oso azkar igaro ziren eta gutxi aldatu zuen jokoa. Ezin aipatu gabe utzi Jorgek atepetik ateratzen zituen baloi ia geldiezinak.
Ikasteko eta akatsak zuzentzeko balio duen porrota, datorren asteko erronkan egoerari buelta emateko gogoa pizten duena. Partidaren amaieran Jotak honakoa adierazi zuen: “pista honetan, topera sartzen ez bazara, komeriak izaten dituzu. Lehen zatiaren erdian taldea nahiko ondo egon da eta elkar lotu dugu. Aukerak izan ditugu eta uste dut ez dela bidezkoa izan atsedenaldira golik sartu gabe joatea. Bigarren zatian atezain jokalariarekin saiatu gara markagailua iraultzen, baina ez dugu zorterik izan. Ez dugu asmatu. Ez gaude dinamika onean eta onartu beharra dago. Beraz, orain arte izan dugun joko mailari heldu behar diogu berriro. Hobetu besterik ezin dugu egin eta ezin gara borrokatik askatu. Amore ematea ez da planetan sartzen”.
GOAZEN LAUBURU!!!!