Asteartea egun handia izango da, Errege Kopa helduko baita BELABIETAra. Bai, bai. Denbora luze itxaron ostean, ETXERA ITZULIKO GARA, eta modu BEREZI batean egingo dugu, Wanapix Sala 10, gaur egun Bigarren Mailan lehiatzen den Aragoiko taldea, hartuta. Partida hau Kopako hirugarren kanporaketari dagokio, eta atzeratutako norgehiagoka dela kontuan hartuta, badakigu irabazleak Lehen Mailako CD XOTA gure bizilagun nafarren aurka neurtuko dituela indarrak hurrengo kanporaketan.

Zentzu horretan, egun taulako 7.postuan dagoen Wanapix Sala 10 bezalako talde bati irabaztea benetan zaila izango dela badakigu. Izan ere, banakako mailan oso jokalari indartsuak izateaz gain, jokoaren arlo guztietan jokatzen du oso ondo, eta, horri esker, Lehen Mailara igotzeko hautagaietako bat da. Ildo horretan, eta noski, ligako jardunaldi bakoitzari inolako garrantzirik kendu gabe, denboraldiko erronkarik zirraragarrienetako bati aurre egin beharko diogu aurre asteartean. Beraz, 40 minutuetan zehar gozatzea, eta amaieraraino borrokatzea dira gure helburuak.

Gainera, Ligatik atseden hartuko dugu aste honetan, eta beraz, ahalik eta etekinik handiena aterako diogu larunbat goizari, entrenamendu saio bat eginez, gure pistan. Deialdiari dagokionez, Mikelek ez du oraindik hura itxi, baina jakin badakigu Euskal Ligako jokalariek parte hartu dutela neurketa honen prestakuntzan, eta, ondorioz, batek baino gehiagok gozatu ahal izango duela esperientzia honekin.

Gure jokalari guzti-guztiek dute eguna iristeko gogo handia, baita gure entrenatzaileak ere, gaur bertan adierazi duenez, asteartekoa “partida ikusgarria” baita, “mundu guztiari jokatzea gustatzen zaion horietakoa”.

Azkenik, gogoratu klubeko bazkideek sarrera doan izango dutela sarreran txartela aurkeztuta. Bestalde, bazkide ez direnek aldez aurreko sarrera erosi beharko dute esteka honetan: labur.eus/OLZCx.

BELABIETA BETEKO DUGU!!!! GOOOOOOOAZEN!!!