Aste honetan, “etxera” itzuliko gara, eta Burgosko Juventud del Círculo taldearen bisita jasoko dugu. Ligako laugarren jardunaldiari dagokio norgehiagoka honek, eta Donostiako Gasca kiroldegian jokatuko dugu beste behin, 18:00etan.

Hasiera ona aurkariarentzat

Gure aurkaria izango den Juventud del Círculo taldeak hasiera ona eman dio denboraldiari, eta 4. postuan jarri da 2 garaipen (SCDR Anaitasuna-ren eta San Cristobal CS-ren aurka) eta berdinketa baten ostean (Zierbenarekin). Oraindik porrota ezagutu gabe, 7 puntu lortu dituzte, San Juanek eta Zierbenak, hurrenez hurren 3. eta 2. postuan daudenak, bezalaxe. Horrekin, badakigu Burgoskoentzat oso garrantzitsua dela dinamika positibo horri eustea;  izan ere, sareen bitartez adierazi duten bezala, “pixkanaka partidak ateratzeko borrokan” ibili nahi dute.

Gertatutakoa iraultzeko asmoa

Gure taldeari dagokionez, mina egin du aurreko asteko porrotak, eta ez dugu horrelako arratsalde bat errepikatu nahi. Jolastu egin nahi dugu, arriskatu egin nahi dugu eta onena eman nahi dugu. Ildo horretan, Dylanek kontatu digu “lan handiko astea” izan dela, eta helburua izan dela Iruñean gertatutakoa iraultzea. Horrela, lasai entrenatu dute mutilek, eta ziur daude, pasatakoak pasata ere,  jarrera eta gogoa denboraldi polit honen hasierako berak direla.

Beraz, bihar, aukera berri bat izango dugu parez-pare, eta ezin diougu ihes egiten utzi. Jokalari guztiak deituta, indarrarekin joango gara helburuaren bila, ahaztu gabe noski, beti bezala, honetan guztian ez dagoela zuena bezalako bultzadarik. Zuen zain egongo gara!! GOOOOOOAZEN!!!!!