Aitor Arevalok zuzendutakoek 9-1 irabazi zioten Inter Yesos Castaño talde asturiarrari eta denboraldiko hemeretzigarren garaipena lortu dute jarraian

Bi aste entrenatu gabe egon ondoren, COVID kasuek taldeko 6 jokalariri eragin zietelako, behin denak osatuta, moreek garaipen gehiago lortzeko anbizio handia erakutsi zuten. Denboraldia bikaina izaten ari da kirol arloan eta datorren astean La Esperanza Rangers Eskolaren aurka jokatuko duten partidan beste puntu bat lortuz gero, Liga txapelketa irabazteko aukera izango dute. Gaur egun 103 gol alde eta 17 kontra ditu talde ibartarrak, maila nazionalean Ohorezko Jubenil Mailan lehiatzen diren 109 taldeen artean gol gutxien jaso dituena izanik eta, dagoeneko, Espainiako Kopa jokatzeko sailkatuta daude.

Joan den larunbatari dagokionez, Aitor Arevaloren mutilek multzoko bigarren talde golegileenaren aurka (110 gol alde) jokatu behar zuten. Bertikaltasun handiko talde bat izanik, bazekiten golak sartzeko erraztasun handia zutela bisitariek. Hala ere, gipuzkoarrak, ohiko defentsarekin, espazioak ixten eta kontraerasora ateratzen saiatzen ziren. Horrela, Beñat Irazustabarrenak bikain bukatu zuen ekintza kolektibo bat eta arratsaldeko lehen kolpea eman zuten etxekoek (1-0). Minutu bat geroago, Jokin Agirretxek bigarrena jarri zuen (2-0), Iker Sanchezek lagunduta. Etxekoek estutzen jarraitzen zuten eta, 10. minutuan, Jokin Agirretxek 3-0ekoa igo zuen. Moreak gustura zeuden eta partidako 16. minutuan Iker Sanchezek 4.na sartu zuen (4-0). Aldea murriztea lortu zuen talde bisitariak (4-1), baina partidako 18. minutuan Jokin Agirretxek 5-1ekoa jarri eta atsedenaldia iragartzen zuen txistua entzun zen.

Bigarren zatian piparreroak izan ziren nagusi. Hasi eta 30 segundora ipini zuen Iker Sanchezek 6-1ekoa. Dena den, taldeak ez zuen erritmoa jaitsi eta hiru gol gehiago lortu zituen Aimar Zubillaga, Martin Ibarbia eta Beñat Irazustabarrenaren bitartez. Horrela, 9-1eko markagailua utzi eta hiru puntu berri lortu zituzten.

Partida amaitzean, Arevalok honakoa adierazi zuen: “Mutilak zoriondu nahi ditut garaipenagatik, ez baitzen erraza berriro lehiatzea bi asteko etenaldiaren ostean. Partidara sartzea kostatu zaigun arren (bero handia egiten zuelako eta pista oso irristakorra zegolako), baloiarekin konfiantza hartu dugun unean gozatu egin dugu, bai haiek, bai nik. Bakarka defendatzen duen talde baten aurrean abantailak atera ditugu, baloiei eraso eginez, egoera kontrolatuz eta, batez ere, ia pase bakoitzean aurkariak ezarriz. Hori ez da erraza gaur egungo areto futbolean. Garaipena ospatzea eta lehiaketaz gozatzen jarraitzeko lanean jarraitzeko ordua da”.

GOAZEN LAUBURU!!!!