Lauburu Ibarra Mahalak denboraldiko zazpigarren garaipena lortu zuen atzo Apoyo Solidario taldearen aurkako partidan. Moreek gogor jokatu behar izan zuten neurketa aurrera ateratzeko; izan ere, aurkariak aski erakutsi zuen zergatik dagoen bigarren fasera heltzen diren lehen lau sailkatuen artean.

Talde morea goizeko 07:30ean abiatu zen Belabietatik Samanorantz Kantabriako taldearen aurka jokatzeko. Aurkariak Ligako txapelduna izatetik datorren Zierbenako jokalari talentudunak gehitu ditu bere plantillara eta, nahiz eta orain arte nahi baino puntu gutxiago lortu dituzten, Aitor Arevaloren mutilek bazekiten norgehiagoka ez zela erraza izango.

Etxeko taldeak pista erdiko defentsa batekin eman zion hasiera neurketari. Bien bitartean, ibartarrak pilota azkar zirkulatzen saiatu ziren, egoera abantailatsuak sortzeko eta aldi berean aurkariaren desoreka eragiteko. Horrela, partidako 5. minutuan bisitariak aurretik jartzea lortu zuten Iker Sanchezek geldikako jokaldi bikaina egin ostean (0-1). Bi minutu geroago eta geldikako beste jokaldi batean, Martin Ibarbiak jarri zuen 0 eta 2-koa. Erreakzionatzeko ia denborarik gabe, etxekoek aldea murriztu zuten, gure taldeak eraikuntzan egindako akats baten ondorioz (1-2).

Partida oso bizia izaten ari zen eta une zailak bizitu genituen. Kantabriako pistak ere ez zuen ikuskizunean laguntzen; pabiloian zegoen kondentsazioaren ondorioz, jokalariak lurrera erortzen bait ziren etengabe, defentsako desorekak ahalbidetuz (horrek jokalariek lesio gisa ezbeharren bat jasateko zekarren arriskua alde batera utzita). Bestalde, joko lehiatuarekin jarraituz, 4 minuturen faltan eta geldikako jokaldi batean, etxeko taldeak partida berdindu zuen (2-2). Geroago, lehen zatia amaitzeko minutu bat falta zenean, moreek ez zuten asmatu penalti bikoitz batean eta atsedenaldira emaitza horrekin iritsi ginen.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi zen eta, 2. minutuan, Ekainek beste gol bat sartu zuen penalti batetik (2-3). 2 minutu geroago, gure aldeko beste penalti bat iritsi zen, baina oraingo honetan huts egin genuen. Bigarren zatiko partida estuagoa eta trabatuagoa izaten ari zen. Bi taldeek dena ematen zuten ekintza bakoitzean. Horrela, 12 minuturen faltan, Martin Ibarbiak 2 eta 4-koa jarri zuen markagailuan. Ondoren, minutu bat baino gehiago igaro gabe, etxekoek aldea murriztu eta 3-4koa jarri zuten. Geroago, 11 minuturen faltan, partidaren garapena aldatu zuen ekintza etorri zen. Epaileak txartel horia atera zien etxeko jokalari bati eta Martin Ibarbiari, eta bi minutuz 3×3-ko egoera bat utzi zuen zelaian. Intentsitate handiko bi minutu horietan, Lauburuk beste bat igotzea lortu zuen Oier Goikoetxearen bitartez (3-5). Gol honek min asko eman zien etxekoei eta bi minutu geroago Ekain Goikoetxeak 3 eta 6-koa jartzea lortu zuen. Jokatzeke 9 minutu falta ziren arren, emaitza ez zen gehiago mugitu eta 3 puntuak ibartarrekin bidaiatu zuten.

Partida amaitzean entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Oso garaipen landua lortu dugu partidaren fase askotan deseroso sentitu garen talde baten aurka. Ezin izan dugu baloiarekin aurreikusitako partida plana garatu, eta hainbat fasetan trabatu egin gara, baina egia da pista ez zegoela jokatzeko moduan, zegoen kondentsazioagatik. Lan handia suposatu digun garaipena izan da eta minutuz minutu egin dugu aurrera. Hurrengo astean talde honen aurka jokatuko dugu berriz ere eta partida guztiz ezberdina izango da. Hortaz, hiru puntu berri lortzeko gure maila igo beharko dugu”.

GOAZEN LAUBURU!!!!