Pasa den uztailaren 2an hasi zen klubarentzat 2015-16 denboraldia Ibarrako udaletxeko pleno aretoan ospatu zen prentsaurrekoarekin. Bertaratu ziren komunikabideei eskerrak eman nahi dizkiegu, baita Ibarrako alkateari eta udaletxe guztiari ere.

Prentsaurreko honetan Mikel Diestro entrenatzaile berria aurkeztu zen, 28 urteko barakaldarrak honakoa zioen: “ Plazer handia da hemen egotea. Ohore bat da Lauburu bezalako talde bat entrenatu ahal izatea eta baita erantzukizun handiko lana ere. Nigan jarritako konfiantza eskertzen dut eta denboraldia hasteko irrikan nago,  konfiantza hori lanarekin eta helburuekin erantzuteko”.

web

25. urteurreneko logoa eta bazkideen kanpaina ere aurkeztu ziren, emozioz eta ezustekoz beteta datorren denboraldi berriaren hainbat xehetasunez gain.

Aurten Lauburu K.E. Ibarraren sorrerako 25. urteurrena ospatzen da, klubak datorren denboraldian lehen taldeko jokalarien kamisetan azalduko den logo berria diseinatu du, gainera, 25. urteurrena dela eta hainbat ekintzen antolakuntzan dihardu klubak.

Bazkideen kanpainan aldaketa handia izango da aurreko denboraldiarekin alderatuz, abonatuen irudia desagertzea erabaki da eta klubaren bazkideena mantenduko da. Ordaindu beharko den kuota 50€-koa izango da, etxeko partiduetara doan joateko eskubidearekin. Gainera, partidu bakoitzaren atsedenaldian, 2 lagunentzako afari baten zozketan parte hartuko dute bazkideek, nahiz eta partiduetara ez joan. Ibarratik kanpoko partiduetara taldearekin bidaiatzeko aukera ere izango dute. Bazkide egin nahi duenak www.lauburuke.com helbidean sar daiteke edo klubaren bulegoetara gerturatu.

Bestalde, pasa den ekainaren 30ean nazional mailako 2 taldeen izen-emateak gauzatu zituen klubak, eta kirol-zuzendaritzatik lanean ari gara taldeak osatzen ekipo bakoitzaren teknikoekin lankidetzan.

Filiala lurraldeko 1. mailara igo daiteke areto futboleko batzordearen proposamena baieztatzen bada. Talde honek aldaketa nabarmena jasango du, hasteko Juanma Ordozgoiti-ren etorrerarekin, lehen mailako teknikoa eta klubaren urrezko garaiko jokalari ohia.

Kadeteen kaptazioak arrakasta handia izan du eta etorkizunera begirako taldea osatuko da. Azkenik, talde infantilak Uzturpe Ikastolarekin dugun hitzarmenaren oinarri izaten jarraituko du.

Laster hasiko gara denboraldiko berritze eta fitxaketak iragartzen.