Igandean Pasaiara joango gara 2B mailako gure taldearekin Ligako lehen jardunaldia jokatzera. Topaketa Pasai Antxo kiroldegian izango da 12:30ean, eta Jotak zuzentzen dituenak “oso gogotsu” sentitzen dira.

Denboraldi-aurreko lagunartekoek hainbat lesio eta min ekarri zituzten arren (kaltedunen artean Boli eta Ilias daude), sendatu direla eta asteburuan lehiatzeko prest egongo direla baieztatu dezakegu. Berri on horrekin, Ekain izan ezik (gaur Euskal Ligarekin batera Gipuzkoako Kopa jokatuko baitu), beste jokalari guztiak deitu ditu gure entrenatzaileak.

Zentzu horretan, Jotaren arabera, “aurreikusitakoaren arabera” atera da dena. Era berean, ideia argia dela gaineratu du: partida zail batetik 3 puntuak ateratzea. Izan ere, aurkaria aztertuz gero, badakigu erasorako indarra handia duela, eta arriskutsua dela azken metroetan. “Jokalari osoak eta azkarrak dituzte eta, trantsizio mailan, ondo egiten dituzte lapurretak bigarren lerroan”, adierazi du Arreguik.

Pasa den denboraldia oso zaila izan zen taldearentzat eta, oraingoan, sentsazio positiboekin hasi nahi dugu, hasieratik emaitza onak lortuta eta, gerora, horiek mantenduta. Eta, dakizuenez, askoz errazagoa izango da dena zuen laguntzarekin. Lauburu zale, zure zain izango gara Pasaian!!

Bukatzeko, zorte handia opa nahi dugu, eta gure indar guztia bidaltzen diogu Euskal Ligako taldeari, TEEP Tolosalaren aurka jokatuko baitu gaur Gipuzkoako Kopako lehen kanporaketa (20:30ean, Tolosako Uzturpe Frontoiean). Marea morea animatzen dugu animo handia ematera hurbil dadin. Hemen ere egongo gara zuen zain!

GOAZEN LAUBURU!!!!