Joan den larunbatean denboraldiaurreko laugarren lagunartekoa jokatu genuen eta, horretarako, Burgosko Juventud del Círculo taldea hartu genuen Belabietan. Talde berdearekin 2B mailako multzoa urte askotan partekatu dugun arren, aurten ez dugu elkarrekin lehiatuko, haiek 1. taldean hartuko baitute parte oraingo honetan.

Larunbateko partidari dagokionez, Jotak esan digu orokorrean “defentsa-intentsitate ona” ikusi zuela, eta ate aurrean asmatzen jakin izan zutela. Ildo horretatik, lehen zatia 3-0eko emaitzarekin itxi genuen: lehenengoa Iliasek gauzatu zuen korner batetik, bigarrena Ericen eskutik etorri zen 8. minutuan, presio batean egindako lapurreta bati esker, eta, handik gutxira, Alvarok sartu zuen hirugarrena, bigarren zutoinetik eta Iliasen zerbitzura.

Horrela, sentsazio positiboekin joan ginen atsedenaldira eta, horren ondorioz, hasiera ona eman genion bigarren zatiari ere. Izan ere, hasi eta gutxira, 4-0ekoa jarri zuen Urik markagailuan aurkariaren despiste baten ondoren. Aurrerago, Ikerrek bosgarrena sartu zuen, ezkerrarekin eta hegaletik.

5-0ekoarekin, bigarren txartel horia jaso zuen Oierrek eta bisitariek nagusitasuna aprobetxatu zuten lehena sartzeko (5-1). Horren ostean, aldaketa nabarmenik gabe, partidaren amaierara iritsi ginen eta urteko azken lagunartekoari esan genion agur. Munduko zorte guztia opa diogu Juventud del Círculori 1. multzoan. Faltan botako zaituztegu, lagunok.

Orain, denboraldiaren hasierari jarri behar diogu arreta guztia. Hurrengo astean ekingo diogu lehiaketari eta, dkizuenez, Pasaia Antxora joango gara Antxo AFko gure bizilagunei aurre egiteko. Pozik 22-23-a derbiarekin hasteagatik! GOAZEN LAUBURU!!!!