Larunbatean oso egun berezia ospatu genuen, aspaldidanik bizi ez genuen eta ahaztezina izango den arratsalde bat, alegia. Pozik ospatu genuen Lauburu eguna igoerako Play Off-eko lehen kanporaketarekin batera, eta harmailak gutxinaka bete ziren 18:30ak hurbildu ahala. Horrela, hasierako txistua entzun genuenerako, Belabieta eder bat ikusteko aukera izan genuen, jendearekin ez ezik, ilusioarekin ere betea.
Horrela, inoiz baino gogotsuago, Marcos, Iker, Oscar, Uri eta Chuky bostekoarekin hasi genuen norgehiagoka. Lehen minutuetan, talde baten zein bestearen defentsak markatu zuen partidaren erritmoa. Gainera, Anaitasunako atezaina izugarri nabarmendu zen, besteak beste, Iliasena edo Chukyrena bezalako abagune argiak salbatuta, biak area barrutik.
Ondoren, hain justu lehen zatiaren erdialdera iristear geundela, bigarren txartel horia jaso zuen jokalari nafarretako batek, eta arbitroak hartutako erabakiak nagusitasunean jokatzeko aukera eman zigun. Hala eta guztiz ere, Narvaizek zuzendutakoek ondo eutsi zuten, eta ez ziguten utzi markagailuan aurrea hartzen, oraingoan Dylanek eta Txikik sortutako aukera oso arriskutsuak saihestu zituztelarik.
Minutuek aurrera egin ahala, Marcosek eta atezain bisitariak, zalantzarik gabe arratsaldeko heroiak izaten ari zirenak, baloi oso arriskutsuak atera zituzten kanpora. Aurrerago, lehen zatia amaitzeko 3 minutura, gure bosgarren falta igo genuen, baina, gure “lasaitasunerako”, gauzak asko zaildu zitzakeen penalti bikoitza bizitu gabe iritsi ginen atsedenaldira.
Aldageletatik itzuli ostean, bigarren zatiari ekin genion Dani, Chuky, Uri, Oscar eta Ikerrekin. Tentsioaren, urduritasunaren eta atezainen lan bikainaren artean (gure kasuan errelebo bikaina egin zion Danik Marcosi), elektronikoak ez zuen mugitu nahi izan, eta Anaitasunak asko sufriarazi zigun maila fisiko altuari eusten zion bitartean, aurpegia ematen jakin genuen. Are gehiago, azken ukitua eman genion norgehiagokari une egokienean, hain zuzen ere amaierara iristeko 4:15en faltan Jotak 5eko jokoaren alde egin zuenean.
Dena eman eta arriskatu arren, baloiak sartu nahi izan gabe jarraitu zuen, talde berdeak jasotako beste txartel hori bikoitz batek azken minutuan balantza gure alde jarri zuen arte: Oscarrek falta batetik atera, Chukyri pasa, Oscarrek berriro jaso, Txiki ezker hegalean ikusi eta honek Uriri utzi area erdian. 1-0 ETA EUFORIA.
Halaber, minutu horren barruan, txartel hori bikoitza jaso zuen Txikik, eta beraz, kanporatua izan zen. Hala ere, ia erreakzionatzeko denborarik gabe, Belabietak garaipen oso garrantzitsua ospatu zuen, eta gure taldeak lehen urratsa eman zuen kanporaketa fase honetan. Partidaren amaieran hurrengoa adierazi zuen Jotak: “oso partida gogorra izan da, oso zaila da Anaitasunari eustea. Ikaragarria izan da, eta oso pozik gaude. Play Off historiko baten aurrean gaude”.
Zalantzarik gabe, eta emaitzak erakusten duen bezala, oso neurketa estua bizi genuen, eta badakigu datorren larunbatean berriro borrokatu beharko dugula, inoiz egin ez dugun bezala. GOOOOOAZEN!!!!