Gure 2B taldeak igo berri den Gora Grupo Iron taldearen aurka jokatu zuen atzo Bilbon, orain arte atzeratutako ligako lehen jardunaldiari zegokion partidan. Norgehiagoka arraroa espero zen etxetik kanpo, ia urtebete pasa baita Belabietatik kanpo lehiatu gabe.
Neurketaren lehen zatian, Jotak zuzendutakoek joko ona mantendu zuten, aurkariaren irteerak ondo geldituz. Erasoan ere aukera arriskutsuak sortu zituzten: Zumeta, Antxon, Juaristi… sarea ukituz, denak egon ziren markagailua estreinatzeko zorian. Era berean, aurkariak ere sortu zituen bere aukerak azken metroetan. Orduan, inork jokaldiak burutzea lortzen ez zuela zirudienean, 3:35 minutua iritsi eta, Antxonen eta Alvaroren arteko elkar ulertze on baten ondoren, azken honek baloia sare barrura bidaltzen zuen area barruan jasotako pase baten ostean (0-1). Lehen gola elektronikora igo eta aurretik jartzeak, hain baliotsua den konfiantza mantentzeko balio izan zigun.
Hala ere, lehen zatia amaitzeko 6 minutu luze falta zirenean, gure bosgarren falta iritsi zen eta, nahiz eta beste partidetan baina gutxiago nabaritu egoera horrek dakarrena, lasaitu egin behar izan genuen. Honekin, seigarrena saihestu nahi izan bagenuen ere, partidaren erdialdera iristeko 24 segundoren faltan iritsi zen, hain zuzen, inorrek nahi ez zuena. Urduritasun handia Bilbon aurkariak penalti bikoitza botatzean eta hare emozio gehiago Jorgek jaurtiketa kanpora ateratzea lortu zuenean. Geldialdi izugarri horren ondoren, atsedenaldira oso sentsazio onekin joan ginen.
Aldageletatik itzuli ostean, bigarren zatiko lehen 4-5 minutuak gureak izan ziren: zutoina jotzen amaitzen zuten gol aukera argiak eta joko eta dinamika oso ona. Hala ere, 5. minutuan iritsi zen aurkariaren lehen gola (1-1), Antxonek nahi izan gabe baloia eskuarekin ikutu ondoren etorri den falta batetik. Hortik aurrera, “arazoak sortu dizkigute defentsan, erraz ateratzeko zailtasun ugari izanik”, adierazten zuen gure entrenatzaileak. Pixkanaka-pixkanaka, gure taldea ordura arte protagonista izan zen konfiantza hura galtzen hasi zen, partidaren azken 15 minutuetan ia guztiz desagertuz. Minutu gogorrak izan ziren eta aurkariak bi gol azkar igo zituen, bien arteko minutu pare bateko tartearekin (3-1). Ondorioz, gure taldeak 5-eko jokoarekin heldu nahi izan zion partidari, baina ezer gutxi egin ahal izan zen eta aurkariak beste 6 gol sartu zituen ate hutsa aprobetxatuz, eta ez zuen barkatu berriz ere 5 faltarekin jarri ostean iritsi zen penalti bikoitza (7-1).
Partidaren amaieran, Arreguik honakoa gaineratu nahi izan zuen: “bigarren zatiaren erdialdetik aurrera, ez dugu aukerarik sortu erasoan eta ez dugu burua hotz mantendu defentsan”. Horrekin batera, positibotasun mezu bat helarazi zuen, horrelako partidek ikasteko balio dutela azalduz.
Porrota gogorra ibartarrentzat eta, beraz, lan handiko astea aurretik datorrena. Hurrengo igandean berriz ere kanpora bidaiatu beharko dugu, oraingoan Burgosko Juventud del Círculo taldearen aurka jokatzeko. Gure entrenatzaileak azpimarratzen duen bezala, denak balio du ikasteko. Noski! Eta, batez ere, erortzen bagara, altxatu egiten gara. GOAZEN LAUBURU!!!!