Larunbat honetan, gure taldeak Bilbora bidaiatuko du 18:15ean Otxartabe C.D taldearen aurka jokatzeko. Gaur egun, Otxartabe eta Lauburu sailkapeneko lehen eta bigarren postuetan daude, hurrenez hurren. Norgehiagoka hau lehen faseko azken jardunaldiari dagokiola kontuan hartuta, bi taldeek garaipena lortu nahi dute 14 jardunaldi luze eta gogorrez osatuta egon den zikloari amaiera emateko.

Lehen postua lortzeko borrokan

Aurkariak denboraldi bikaina egin du, eta horrela erakusten dute bere emaitzek. Jokatutako 13 partidetatik 11 irabazi ditu, 1 berdindu eta 1 galdu (hain zuzen ere, Jotaren taldearen aurka Belabietan jokatutako partida). Horrenbestez, 34 puntu pilatu ditu. Talde moreak, berriz, 31. Beraz, irabaziz gero, puntu kopuru bera lortu eta lehen postu garrantzitsua lortuko lukete ibartarrek; kasu honetan, bien arteko neurketetan sartutako zein jasotako golen arteko aldea hartzen baita kontuan.

Hala ere, xehetasun sinbolikoa izango litzateke lehen postu hau; hurrengo faseari begira, lehenengoan lortutako puntuak besterik ez baitute balio. Hortik aurrera, sailkapen berri bat sortuko da, non ordena koefizientearen arabera markatuko den. Baina Otxartabe faboritoa da eta egungo ligako txapelduna. Beraz, taldearen animo indargarria oso handia izango litzateke, aipatutako lidergo sinbolikotik haratago.

Entrenatzaileak konfiantza du bere taldean

Larunbatekoa “partida parekatua” izatea espero du Jotak. “Erasorako aukera asko izatea espero dut (arlo horretan aberastasun handia duen taldea delako) eta defentsan ondo egotea, gero gure jokoa zabaltzeko”, azaldu du. Era berean, bere jokalariengan konfiantza handia duela argitu du; izan ere, etxean aurkari indartsu honi 7 eta 3-ko emaitza batekin irabazi zioten, bigarren zatian markagailuari buelta emanez. Era berean, partida gogorra izatea espero dutela adierazi du Danik ere, baina bolada onarekin jarraituz, 3 puntuak lortzeko lehiatuko direla.

Maila ona erakusteko gogoz

Horrekin, ibartarrak pozik daude aste osoan egin duten plangintzarekin, eta maila ona erakusteko asmoa dute. Deialdiari dagokionez, Alvaro izango da baja bakarra. Halaber, Zumeta zalantza izango da azken unera arte, zenbait molestia baititu. Gainerakoan, denak egongo dira deituta goi-erronka honi aurre egiteko.

Bestalde, bizkaitarrek, lesionatu guztiak berreskuratzeaz gain, Mauro fitxatu dute; Afantxo (Pasaia San Juan) taldetik datorren eta iaz Hirugarren Mailako jokalaririk onena izendatu zuten jokalaria. Aspaldiko ezaguna ibartarrentzat. ”Horrek dagoeneko duten taldea are gehiago indartzeko balioko die”, dio Jotak.

Pilak kargatuta eta animo handia

Horrela, larunbatean, taldeak pilak kargatuta izango ditu, denboraldi zail honetan hasieratik egiten ari diren lana erakusten jarraitzeko.

Gogoratu partida zuzenean jarraitzeko aukera izango duzuela Otxartabeko YouTube-ko kanaletik, zein Twitterreko gure kontutik (@LAUBURUKEIBARRA).

Zuen zain egongo gara!

GOAZEN LAUBURU!!!!